Izen-ematea zabalik 42 Urdulizerako, etorkizuneko lanbide digitaletarako programazio kanpusa
2021/01/18
- Parisen jaiotako eta 22 herrialdetako 33 campusetan presentzia duen eredu arrakastatsua Bizkaira iritsi da
- Etorkizuneko programatzaileak eta lanbide digitaletan diharduten pertsona kualifikatuak prestatuko ditu laneko erronka berriei aurre egin ahal izateko
- Hautagaiek 42urduliz.com webgunera jo beharko dute, oinarrizko datuak bete eta bi online proba egin
- 42ra sartzeko ez da prestakuntzarik eta aurretiazko titulaziorik behar
42 Urduliz, etorkizuneko lanbide digitalak prestatzeko programazio kanpus berria, pilak kargatzen ari da. Gaurtik aurrera, proiektu honen parte izan nahi duen edozein erregistratu daiteke 42urduliz.com-en. Oinarrizko datuak bete beharko dira eta, ondoren, bi online proba egin: 10 minutuko iraupena duen memoria ariketa bat eta pentsamendu logiko-matematikoaren test bat, 2 ordukoa. Hori da kanpus berrian sartzeko eskatzen diren probetako lehenengo fasea. 2021eko lehenengo seihilekoan irekiko ditu ateak Bizkaiko Urduliz Dorrean. Bost solairu eta 2.400 m2 ditu espazioak, eta 600 ikaslerentzako tokia. Bada, gaur egungo lanbide digitaletako langileak prestatzen lagunduko du.
Online testak gainditu ostean, hautagaiak adi egon behar dira “igerilekuetako” deialdietara (erregistroa lekuak bete arte). Azken proba hori da gogorrena eta zorrotzena. Hautagaiek 42 Urdulizen behin betiko plaza eskuratzeko dituzten aukera errealak baloratzen ditu. Horretarako, 26 egunetan guztira 13 proiektu egin beharko dituzte, eta egunean batez beste 10-12 ordu igaroko dituzte akademian. Aldi horretan zehar, hautagaiek aurre egingo diote 42ko beren egunerokoaren antzekoa izango den horri, kanpusean jorratzen den filosofiari. Egokitzeko, gorabeherei aurre egiteko eta erronka berriak ebazteko modua aurkitu beharko dute.
Doakoa, presentziala eta 24/7 irekia den 42 ereduak arrakasta izan du nazioarteko 20 kanpus baino gehiagotan. 42 Urduliz akademian onartua izateko ez da aurretiazko jakintza teknikorik behar, ezta titulaziorik ere. 18 urte baino gehiago, ikasteko gogoa, jarrera eta pertseberantzia baino ez dira behar, eta besteekin lankidetzan aritzearen garrantzia aintzat hartzea. Kontzeptu berri honekin, ikasleek ikasten ikasten dute, eta libreki hautatzen dute beren bidea.
42ren metodologia eta filosofia, apustu segurua
Iraultza digitalaren erronka eta aukera berriak life long learning delakoa jorratzera behartzen dituzte profesionalak. Horrek esan nahi du ikasketa prozesu jarraitua segi behar dutela beren ibilbide profesionalean zehar lan merkatuan lehiakorrak izateko. Orain Urdulizera (Bizkaia) iritsiko den 42 metodologiak urtebete darama ezarrita Madrilen, arrakasta osoz, eta gizartea prestatzen du enplegagarritasun berri horretarako. Eredu horren berme dira munduan zehar dauden kanpusak, 20 baino gehiago direnak. Helburua da etorkizuneko programatzaileak eta lanbide digitaletan diharduten pertsona kualifikatuak prestatzea laneko erronka berriei aurre egin ahal izateko. Profil digital horiek, pandemiaren ostean, inoiz baino beharrezkoagoak dira ekonomia berraktibatzeko.
42 ereduak bere gain hartzen du zibersegurtasunean, Big Datan, Adimen Artifizialean, Blockchainean edo IoTn, besteak beste, laneko aukerak eskaintzeko erronka. Metodo aitzindaria eta disruptiboa da, bikoitien arteko ikaskuntzan, gamifikazioan eta autoikaskuntzan oinarritua. Bada, emaitza arrakastatsuak izan ditu. Esate baterako, %100eko enplegagarritasuna lortu du hogei herrialde baino gehiagotan, eta batez beste zortzi lan eskaintza ikasle bakoitzeko programan egon diren aldian zehar.
42 eredua haziz doa
42 Urdulizekin, Telefónica Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak urrats bat gehiago eman dute eta etorkizuneko agertoki profesionalari aurre hartu diote. Elkarrekin erantzun nahi diete lan merkatuko beharrizanei eta gizartea prestatzeari lanbide digital berrietarako. Horretarako, Bizkaia berrikuntzaren erreferente bihurtuko da. Izan ere, konpromiso sendoa dauka talentu teknologikoa antzemateko eta gizarte osoarentzako prestakuntza digitalaren alde apustu egiteko.
Bizkaiko 42 Urdulizek Madrilgo kanpusa izango du eredu. Duela urtebete inauguratu zen, eta martxa betean dihardu. Malagakoa eta Bartzelonakoa ere 2021ean irekiko dira. Hain zuzen, espainiar lurralderako hedapenaren bermea Madrilgo akademiaren arrakasta da. Urtebetez prestakuntza digitala sustatzen aritu ostean, jada liluratu egin ditu esparru digitalean profesionalki hazi nahi duten horiek. 18 eta 61 urte bitarteko 26.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena. Datu horiek erakusten dute guztientzako irekita dagoen espazioa dela. Bada, metodologiak harrituta utzi dituen 1.300 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute jada.
42 globali buruz
42 da hezkuntza doan eta 18 urtetik gorako guztiei irekita, haien prestakuntza gorabehera, eskaintzen duen lehenengo kanpusa. Emaitzek erakutsi dute programazio arrakastatsua dela. Heziketa eredua berdinen arteko ikaskuntzan oinarritzen da: izaera parte-hartzailea duena, eskolarik eta irakaslerik gabe. Horrek ikasleei ahalbidetzen die sormena erabat espresatzen, proiektuak gauzatzean oinarritutako ikaskuntzari esker. 42 2013an sortu zen Parisen, teknologia informatikoaren industriak programatzaile eskasia handia izan zuenean. Etorkizuneko profesionalik onenak elkarrekin prestatzeko, jatorria gorabehera, 42 nazioartean hedatzen ari da, eta 42 Network 22 herrialdetan dago, 33 kanpus dituelarik. Honako herrialde hauek dira: Alemania, Armenia, Australia, Belgika, Brasil, Kanada, Hego Korea, Arabiar Emirerri Batuak, Espainia, Ameriketako Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Italia, Japonia, Jordania, Malaysia, Maroko, Herbehereak, Portugal, Errusia, Suitza eta Tailandia.