Nazioarteko komunitateak Antzasti Museoa bisitatu du, Bizkaiko erdigunean
- Graduatu ondokoak eta goi-mailako prestakuntza duten profesionalak bilduta, 16 lagunek eta beren senideek bisita gidatu batez gozatu zuten balio antropologiko handiko leku honetan, XIX. mendetik XX. mendera bitartean landa- eta hiri-eremuetan egiten zen eguneroko bizimodua eta emakumeek jokatutako papera ezagutzeko.
Joan den maiatzaren 20an, Bizkaia Talentek aurtengo hirugarren jarduera soziokulturala egin zuen, Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuaren erabiltzaileentzat eta Be Basque Ambassadors programako graduatu ondokoentzat antolatua. Topaketa ludiko hauen helburua da Euskadira beren lan-ibilbidea garatzen jarraitzera edo beren prestakuntza areagotzera datozen pertsonei gizarteratzen laguntzea.
Oraingoan, Antzasti Euskaldunon Etxea museoa hartzen duen baserria bisitatu zuten, Dima herrian, Urkiolako Parke Naturalak inguratuta dagoen eta parean Gorbeiako Parke Naturala duen toki apartan. Cristina eta Elena Amezaga ahizpen eskutik, bertaratuek denboran atzera bidaiatu zuten, Arratia bailarako baserri tradizionaletik XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako Bilboko etxe modernora. Emakumearen begiradaren bidez, etxeko bizimoduko protagonista bera, kontrastez betetako ibilbidea egin zuten baserriko bi etxebizitzetako geletan zehar. Bisita gidatuaren ondoren, herriko jatetxe batean tokiko menu tipikoa dastatu zuten, harreman pertsonalak eta pertsonen artekoak sustatu bitartean.
Jardueran parte hartu zuten graduatu ondokoak eta goi-mailako prestakuntza duten profesionalak Txile, Kolonbia, Ekuador, Honduras, Iran, Italia, Mexiko, Herbehereak, Dominikar Errepublika eta Espainiako Estatutik etorriak dira, eta beren ikasketak eta lan-jarduera erakunde hauetan garatzen ari dira: Aquino Pérez & Asociados, IED Kunsthal Bilbao, Idom, Mosaikus, Tecnalia Research & Innovation, Deustuko Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU).