Nazioarteko komunitateak Nerbioi itsasadarrean barrena nabigatu du
- Bizkaia Talentek hogeita hamar lagun inguru bildu, guztiak ere prestakuntza handiko profesionalak eta nazioarteko graduatu ondokoak, eta Bilbotik Santurtzira eraman ditu.
Joan den maiatzaren 11n, Bizkaia Talentek urteko hirugarren jarduera soziokulturala egin zuen, lan-arrazoiengatik orain Euskadin bizi diren prestakuntza handiko profesionalentzat eta ikasketak euskal unibertsitateetan egiten ari diren nazioarteko ikasleentzat hemengo gizartean errazago integra daitezen antolatzen dituen horietakoa.
Oraingoan, nazioarteko komunitatea Euskadiko kulturaren sustraietan murgildu zen, Nerbioi itsasadar enblematikoan barrena Bilbotik Santurtzirako ibilbidea eginez eta, bitartean, benetako artelanak miretsiz, besteak beste Guggenheim Museoa, Bilbo berriaren ikurra eta XX. mendeko kultur proiekturik anbiziotsuenetakoa, eta Bizkaiko Zubia, industria-iraultzako eta burdinaren arkitekturako eraikuntza nabarmenetakoa izateagatik UNESCOk Munduko Ondare izendatua.
Santurtziko portura iritsi zirenean, Agurtza ontzia bisitatu zuten, egun museoa eta arrantza-teknikaren interpretazio-zentroa ere badena. Hala, hegaluzea arrantzatzeko artea eta arrain estimatu hori kontserbatzeko modua ezagutu ahal izan zituzten, baita Santurtziko marinelen historia eta tradizioak ere Itsasoa Museoa interpretazio-zentroan. Ondoren, taldeak etxeko menua dastatu zuen herri bizkaitarreko jatetxe batean.
Jardueran parte hartu zuten pertsonak Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba, Ekuador, Egipto, Frantzia, Iran, Malaysia, Mexiko, Peru eta Espainiako Estatutik etorriak dira, eta egun erakunde hauetan dihardute lanean edo ikasten: IED Kunsthal Bilbao; Deustuko Unibertsitatea; Euskal Herriko Unibertsitatea; CIC bioGUNE; BCMaterials – Basque Center for Materials; Applications and Nanostructures; BCAM – Basque Center for Applied Mathematics; Tecnalia Fundazioa; eta Mosaikus.