Nazioarteko komunitateak Mariaren Bihotza Plazako Aztarnategia bisitatu du, Bilbon
2023/03/28
- 15 graduatu ondokok eta goi-mailako prestakuntza duten profesionalek bisita gidatu batez gozatu zuten, beren senideekin batera
Joan den martxoaren 24an, Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuaren erabiltzaileek eta Be Basque Ambassadors programako graduatu ondokoek Bizkaia Talentek antolatutako beste jarduera soziokultural batean parte hartu zuten. Jarduera horien helburua pertsonen eta profesionalen arteko harremanak sustatzea da, gizartean hobeto integratzen laguntzeko.
Oraingoan, Bilboko historian atzera bidaiatuta, Mariaren Bihotza Plazako Aztarnategia ezagutu zuten, Euskal Herriko hiri-aztarnategi interesgarrienetakoa, non San Frantzisko Komentu zaharraren eta Alfontso Printzearen Kuartelaren aztarna arkeologikoak biltzen diren.
Gune arkeologiko hau berreskuratzeko, plazaren zati bat induskatu eta, ondoren, berriz estali behar izan zen; Bilbon, lehen aldiz egin zen halako jarduketa bat. Multzoaren eraikuntza-faseak ikus daitezke, XV. mendearen amaieran eraikitako komentuaren lehen aztarnetatik XIX. mendean eraitsi zuten arte. Mende horretan bertan, haren gainean aipatu kuartela eraiki zen, eta horren zenbait egitura ere kontserbatzen dira.
Jardueran parte hartu zuten pertsonak Argentina, Txile, Ekuador, Italia, Mexiko, Peru edo Dominikar Errepublikatik etorriak dira, eta beren lan-jarduera erakunde hauetako batean garatzen dute: Aquino Pérez & Asociados, Bilbao Berrikuntza Faktoria (MU), Bolloré Logistics, Bridgestone EMIA, Idom, Tictec Lab, Deustuko Unibertsitatea eta EHU.