Bizkaia Talentek Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrarekin dituen lotuneak estutu ditu Euskampus Fundazioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker
2017/11/06
- Zientzia sustatzeko jarduerak finantzatzen lagunduko du, katedra bera tokian-tokian zein nazioartean bultzatzeko
Bizkaia-Euskadiko Talentua Erakartzeko, Berton Geratzeko eta Inplikatzeko Elkarteak lankidetzen sarea egituratzen jarraituko du, bere helburuak eraginkortasun eta eragin handiagoz bete ahal izateko. Horrela, Euskampus Fundazioa Bizkaia Talentekin hitzarmena sinatu duen azken erakundea izan da.
Gaur goizean, lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute Bizkaia Talenteko zuzendari gerenteak, Ivan Jimenezek, eta Euskampuseko zuzendariak, Igor Campillok. Horren bidez, behar besteko ekintzak sustatu eta garatu ahal izango dira, Euskal Herriko Unibertsitateko jarduerak bultzatzeko eta zabaltzeko eta nazioartean zientziaren zabalkunde sozialeko eragile aitortua izateko. 2010. urtean sortu zenetik Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria den Juan Ignacio Pérez Iglesiasek baieztatu duenez, “hitzarmen honen bitartez, jardunaldiak, topaketak, tailerrak, lehiaketak, azterlanak eta materialak garatu ahal izango dira, Bizkaiko gazteei, batez ere, eta atzerrian bizi diren goi-mailako prestakuntzadun profesionalei zientziaren euskal egoeraren berri emateko”.
Katedrak jakintza zientifiko eta teknologikoa euskal gizartean sustatzea dauka helburu, baita kultura zientifikoa esparru geografiko, administratibo eta kultural guztietan zabaltzea ere. Batetik, katedrak betebeharra dauka bere ingurune hurbilarekin, euskal eremu geografiko eta kulturalarekin. Euskal Herriko Unibertsitateak, hain zuzen ere, bertan garatzen du bere jarduera nagusia. Bestetik, bokazio kosmopolita ere badauka, baina bat dator unibertsitateko erakunde-izaerarekin eta ahalmen globala den zientziaren inguruko konpromisoarekin.
Bizkaia Talenteko zuzendari gerenteak adierazi duenez, “hitzarmen honen bidez, katedra bera funtsezko erakundea izango da, komunikazio eta kultura zientifikorako nazioarteko ekimen, proiektu eta sareetan parte hartzeko orduan eta herritarrek zientziaren garapenean izan behar duten partaidetza zein inplikazioa sustatzeko orduan”.
Modu berean, lurraldeko eragileekiko lankidetza estuagoa izango da, jarduerak Bilboko hirigunetik kanpo dauden udalerrietan egin ahal izateko.
“Hitzarmen hau sinatzea aukera paregabea da Bizkaia Talententzat nahiz Katedrarentzat, horri esker beharrezkoa bezain baliozkoa den bidea indartu ahal izango delako, geure lurraldean eta nazioartean Bizkaiko zientziaren lotuneak zein ontasunak zabaltzeko eta sustatzeko.
EUSKAMPUS
Bere zereginak garatzeko orduan, Kultura Zientifikoko Katedrak Euskampus Fundazioaren laguntza jasotzen du. Irabazi-asmorik gabeko fundazioa, eta 2011. urtean sortu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak, Tecnaliak eta Donostia International Physics Centerrek. Euskampusek elementu sustatzailea izan nahi du Euskadiko gizartea, ekonomia eta kultura eraldatzeko orduan, lurraldean bertan jakintzaren gizarteko nazioarteko abangoardian egon dadin. “Bere erronken artean, nabarmendu egin beharra dago Euskadi bera nazioartean sustatu nahi duela zientziaren, teknologiaren, berrikuntzaren, sormenaren eta talentuaren polo moduan, nazioartean erreferentzia duten erakundeekin lankidetza egonkorra ezartzeko hitzarmenen bila”, esan du amaitzeko bertako zuzendariak.