Abian da nazioarteko ikasleei laguntzeko Be Basque Ambassadors programaren beste edizio bat
- 24 herrialdetako 63 ikaslek hartuko parte nazioarteko talentuaren eta Euskadiren arteko loturak sendotzeko sortutako programa honen zazpigarren edizioan.
Bizkaia Talentek ongietorria egin die Be Basque Ambassadors programaren zazpigarren edizioan parte hartuko duten ikasleei, zehazki 24 herrialdetatik etorritako 63ri. Programak nazioarteko ikasleei beren garapen pertsonal eta profesionalean laguntzea du helburu, haiek Bizkaiko enpresa-, zientzia- eta kultura-ekosistemarekin harremanetan jarriz.
2024/2025 ikasturtean, parte-hartzaileek, Bizkaiko hiru unibertsitateetako batean (EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) master- edo doktorego-ikasketak egiten ari direnek, lurraldean integra daitezen diseinatutako askotariko jarduerez gozatu ahal izango dute, zeinen artean prestakuntza-tailerrak, jarduera soziokulturalak eta erreferentziazko enpresetarako bisitak nabarmentzen diren.
Gainera, programak beharrezko lege-izapideei buruzko aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen die, besteak beste Euskadin egonaldi akademikoa egin ondoren bertan lana bilatzeko egin beharrekoei buruzkoa.
Komunitate globala
Be Basque Ambassadorsen edizio honek 24 herrialdetako parte-hartzaileak bildu ditu, programaren nazioarteko izaera islatuta. Zehazki, nazionalitate hauetako ikasleek hartuko dute parte: Aljeria, Argentina, Austria, Belgika, Bolivia, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Ekuador, Estatu Batuak, Georgia, Honduras, Iran, Madagaskar, Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Peru, Dominikar Errepublika, Turkia, Ukraina eta Venezuela.