Martxoaren 20ra arte luzatu da Bizkaia BBK 2018 bekak eskatzeko epea
2019/02/13
- Unibertsitateko titulua duten gazteek prestakuntza espezializatua jasoko dute nazioarteko erreferentziazko zentroetan, eta, ondoren, Bizkaiko puntako enpresek kontratatuko dituzte
Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK Fundazioak martxoaren 20ra arte luzatu dute Bizkaia BBK 2018 bekak eskatzeko epea. Hala, unibertsitate-titulua duten 30 edo 35 urtetik beherako gazteek (hautaturiko graduondokoaren arabera), Bizkaian bizi direnek, denbora apur bat gehiago izango dute eskaera egiteko. Garrantzitsua da gogoratzea beka hauen bigarren edizioa Bizkaia Talentek kudeatuko duela.
Programaren helburua da lurraldeko talentua bultzatzea eta, hala, modu erabakigarrian laguntzea profesionalak prestatzen, bereziki lehentasunezkotzat jotzen diren sektore estrategiko hauetan jardun dezaten: big data, energia, aeronautika, hub finantzarioa eta automobilgintza.
Zuzkidura ekonomikoa 420.000 eurokoa izango da, eta ahalik eta beka gehien banatuko dira unibertsitate eta enpresek onarturiko deialdiko onuradunek hautatzen duten prestakuntzaren kostuaren arabera. Bekak ondoko kostuak estaliko ditu: matrikulazioa, hegazkin-txartelak, ostatua, mantenua eta izan litezkeen beste gastu batzuk, deialdian ezarritako baremoen arabera.
Bizkaia BBK Beken programa bi fasetan banatuko da, zein bere denboraldi eta prestakuntza-ezaugarriekin:
- 1. fasea. Prestakuntza espezializatua nazioarteko erreferentziazko zentroetan. Programaren hasierako fase honetan, onarturiko hautagaiek graduondo bat egingo dute ardatz estrategiko bakoitzerako esleituriko nazioarteko erreferentziazko zentroetan. Prestakuntzaren helburua izango da dagokion sektoreko enpresa liderrek sumaturiko erronkei erantzuteko esparru zehatzen ezagutza areagotzea, eta 12, 18 edo 24 hileko iraupena izango du.
- 2. fasea. Lana Bizkaiko enpresetan. Fase honetan, hautagaia Bizkaiko enpresa traktore batean hasiko da lanean, prestakuntza jaso duen lehentasunezko esparrukoan, dagokion titulua eskuratu ostean. Kontratuaren iraupena 2 urtekoa izango da, gutxienez, eta lan-baldintzak izango dira enpresak goi-mailako tituludun bati eskainiko lizkiokeen berak, lanaldi osoz.
Deialdiaren epea, gutxi gorabehera
Eskabideak eta dokumentazioa jasotzeko epea: 2018ko abendutik 2019ko martxoaren 20ra
Behin betiko ebazpena: 2019ko apirila-maiatza
Onuradunek konpromisoa adierazteko sinadura: 2019ko maiatza-ekaina
Sakatu hemen Bizkaia BBK 2018 Bekak jasotzeko eskabidea betetzeko.