Euskadi Estatu espainoleko lurralde lehiakorrena da
ITURRIA: Ceprede 2017
- Cepredeko txostenean, bere lidergoa Nafarroaren, Madrilen eta Kataluniaren aurretik dagoela adierazten da
Euskal esportazioen bilakaera ona izan da, %13 hazi zirelako iaz. Gainera, merkataritza-balantzea ere ona izan denez, baieztatu egiten da Euskadi lehiakorra dela nazioartean. Dena dela, azken azterketen arabera, Estatu espainoleko lurralde lehiakorrena ere bada, Cepredeko txostenean adierazten den bezala.
Iragarpen Ekonomikorako Zentroak Eskualdeko Lehiakortasunaren Adierazlea (Iscre) eman du jakitera, eta bost kategoria ebaluatzen dira bertan: faktore makroekonomikoak, lan-merkatua, enpresen garapena, azpiegiturak eta berrikuntza. Guztira, lehiakortasunaren balioespenarekin lotutako eta nazioartean aitortutako hamazortzi adierazle dira.
Euskal Autonomia Erkidegoak 2017rako emaitza handiena lortu du: 134,8 puntu, 100eko eskalan. Ondoren, 123,3 puntu lortu ditu Nafarroak.
Nabarmendu egin behar da euskal ebaluazio onenak bi faktore garrantzitsutan eman direla: berrikuntza (154,7) nahiz enpresen garapena (157,2); eta, ondoren, azpiegiturak (129,7), faktore makroekonomikoak (123,6) zein lan-arloa (108,7).
ESPORTAZIOA, GILTZARRIA
Esportazioa Euskadik lehiakortasunaren arloan daukan lidergoaren erakusgarri da. Izan ere, euskal esportazioak %5,41 hazi dira bost urtean, Deutsche Bankek Estatu espainoleko sektore esportatzaileen bilakaerari buruz egin duen txostenaren arabera.
Alemaniako bankuaren txostenean nabarmentzen denez, automobilgintza eta makinak euskal esportazioetako puntako sektoreak dira. Hala ere, automobilgintzaren zein bertako osagaien eragina bereziagoa da, euskal esportazioetako lehen postuetan daudelako (esportazio guztien %25) eta %52ko zeresana dutelako azken urteotako hazkuntzan.