
Bizkaia Talentek “Basque Spouses Programme” ekimenaren 3. edizioa abiatu du nazioarteko profesionalen bikotekideei gizartean eta lan-merkatuan integratzen laguntzeko
2025/03/10
- 16 herrialdetako 21 parte-hartzaile izango dira programaren onuradun, beren lan-ibilbidea garatzeko funtsezko tresnak eta baliabideak jasoko baitituzte
Nazioarteko mugikortasuna erronka handia da bai leku berrietara bizitzera joaten diren prestakuntza handiko pertsonentzat bai haien bikotekideentzat, lan- eta gizarte-ingurune berrian integratu beharrari aurre egin behar diotelako. Behar horri erantzuteko, Bizkaia Talentek Basque Spouses Programme-ren hirugarren edizioa abiatu du, Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuaren barruan nazioarteko profesionalen bikotekideei beren garapen profesionalean laguntzeko eskaintzen diena.
Edizio honetan, 16 herrialdetako 21 lagunek hartuko dute parte, besteak beste Egipto, Pakistan, Kolonbia, Errusia, Hego Korea, Frantzia, Brasil, Suedia, Kanada, Iran, India, Sri Lanka, Albania, Aljeria, Portugal eta Estatu Batuetakoek. Hamar astez, orientazioa eta aholkularitza jasoko dute, bai eta Euskadiko enplegu, prestakuntza eta ekintzailetzarekin lotutako tresnak eta baliabideak ere.
Talde-saioak, aholkularien laguntza eta tailerrak uztartuta, programak aukera berriak ezagutzea, beren marka pertsonala indartzea eta beren lan-ibilbidea birzehaztea edo birbideratzea ahalbidetuko die. Era berean, Bizkaiko lan- eta gizarte-ekosistemako funtsezko eragileekin harremanetan sartzeko aukera izango dutenez, errazagoa izango dute integratzea eta beren kontaktuen sarea handitzea.