Bizkaia Talentek “Basque Spouses Programme” ekimenaren bigarren edizioa abiatu du, nazioarteko profesionalen bikotekideei ematen dien laguntza sendotzeko
2024/09/26
- 7 herrialdetako 16 lagunek hartuko dute parte programan, zeinak kolektiboaren beharrei erantzuteko bilakatzen jarraitzen duen.
Nazioarteko mugikortasuna erronka handia da oraindik ere beste eskualde batzuetan bizitzea erabakitzen duten prestakuntza handiko pertsonentzat. Haiekin batera, beren bikotekideek lan-munduan txertatzeko eta gizarteratzeko erronkei egin behar diete aurre, alderdi horiek funtsezkoak baitira familiaren ongizaterako eta bizi-proiektuaren egonkortasunerako. Bizkaia Talentek, trantsizio hori errazteko konpromisoari jarraikiz, “Basque Spouses Programme” ekimenaren bigarren edizioa abiatu du, alegia, nazioarteko profesionalen bikotekideei lan-munduan sartzea errazteko ekimenarena.
Datozen bi hilabeteetan, parte-hartzaileek beren ibilbide profesionala garatzeko orientazioa eta aholkularitza jasoko dute prozesu osoan gidari izango dituzten aholkulari eskarmentudunen aldetik. Nork bere marka pertsonala sendotzeko diseinatutako jarduera-sorta zabala izango dute, eta EAEko lan-merkatuko joerei eta aukerei buruzko ezinbesteko informazioa eskuratuko dute, enpleguaren, prestakuntzaren eta ekintzailetzaren esparruetako funtsezko eragileekin harremanetan sartzeaz gain.
Programaren edizio honek, parte-hartzaileen integrazio laboral eta soziokulturalean laguntzeko helburuari eusteaz gain, berritasunak dakartza aurreko edizioari dagokionez, hala nola banakako coaching-saioen zikloa.