Bizkaia Talent-ek “Basque Talent Observatory” aurkeztu du, munduko eta sarbide publikoko lehen plataforma goi-mailako prestakuntzarekin loturiko eskualdeen araberako lan-merkatua monitorizatzeko
2018/04/13
- Bizkaia Talentek TabulaeX-ekin batera abiatu du ekimena, Milano-Biccocako Unibertsitateko spin-offarekin, alegia. Erakundearen ezagutzaren zabalkundea kudeatzeko sortua, Euskadiko lan-merkatua aztertzen duen tresna bat du oinarri, eta, batez ere, goi-mailako prestakuntza duten langileei erreparatzen die, online-iturri ugariren Big Data aztertuta.
Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko Diputatuak “Basque Talent Observatory” aurkeztu du, munduko eta sarbide publikoko lehen plataforma goi-prestakuntzarekin loturiko Euskadiko eskualdeen araberako lan-merkatua monitorizatzeko. Helburua da gure herrialdeko lehiakortasuna bultzatzen laguntzea, eta bide emango du Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako lan-merkatuari buruzko informazioa unean-unean jasotzeko, nazioarteko eta tokiko online-iturriak baliatuta, Euskadiko unibertsitateak edo Lanbide, esaterako.
Tresna Big Data azterketan datza, eta ezagutza-base bat sortuko du lan-merkatuaren, une zehatz bateko lan-dinamikaren edo epe luzerako haren joeren gainean, bai eta goi-mailako prestakuntza duten profilei dagokienez Euskadiko behar teknikoen eta konpetentzia-beharren gainean ere. Goi-mailako prestakuntza duen edozein profesionalek ikusgai izango du, online eta egunero eguneraturiko datuen bidez, Euskadiko lan-merkatua eskatzen ari den profila, hainbat irizpideren eta irizpideen konbinazioen arabera: eskaturiko konpetentzia tekniko eta zeharkakoak, sektorea, eskarmentua, eremu geografikoa edo kontratu-mota.
Aurkezpenean, Mario Mezzanzanica Big Data azterketaren arloko irakasle aditu eta TabulaeXen sortzaile eta Ivan Jimenez Bizkaia Talenten zuzendari gerente izan dira. Foru-diputatuak zehaztu du azken 12 hiletan 17.469 lanpostu huts aztertu direla. Hauek izan dira eskari handieneko profilak: industria eta ekoizpen-ingeniariak, garatzaile informatikoak eta profil komertzialak. Eskaera handieneko zeharkako konpetentziak, berriz, aldaketara egokitzeko gaitasuna, hizkuntzak jakitea eta ezagutza digitalak izan dira.
Onuragarria unibertsitate, enpresa eta erakunde publikoetarako
“Gure lan-merkatua zehatz-mehatz ezagutzea erabakigarria izan daiteke Euskadiko ekonomiaren lehiakortasuna hobetzeko. Gure ekonomiak eta lan-merkatuak eskatzen duten profil profesionalaren erradiografia zuhurra eskaintzen digu. Funtsezko informazio horrek balio erantsia emango die, halaber, unibertsitate, enpresa eta erakunde publikoei” nabarmendu du Pradalesek. Izan ere, profesionalek onura jasoko dute Euskadiko lan-merkatuak eskatzen dituen behar teknikoei zein konpetentzia-behar zeharkakoei buruzko benetako datu eguneratuak jasota, horrela haien prestakuntza egokitu eta gehien eskaturiko konpetentziak sendotu ahal izango baitituzte. Unibertsitateek, berriz, tresna honen bidez ikasketei esleituriko ikuspuntua hobeto ezarri ahal izango dute, lan-merkatuko joerak aintzat hartuta eta jakinaren gainean zein ezagutza-mota bultzatu behar duten unibertsitateetatik ateratzen diren pertsonek lana eskura dezaten. Enpresei dagokienez, behar duten talentua errazago topatuko dute, baita eskariak eta eskaintzak hobeto bat egitea lortuko ere. Azkenik, erakunde publikoei beren lan- eta prestakuntza-politikak eratzeko balioko die, Euskadiko talentuaren enplegagarritasuna ahalik eta handiena izan dadin, eta aise egokitzeko enpresetako beharrei begirako prestakuntza-eskakizunetara.