Bostongo Be Basque Talent Meeting-ek Massachusetts inguruko hogeita hamar profesional inguru bildu ditu
- Euskal elkarteak bidea erakutsi die lan-ibilbidea Euskadin jarraitzeko aukerak aztertzen ari diren profesionalei
Be Basque estrategiaren baitan, eta Euskadiren eta lan-ibilbidea atzerrian egiten ari diren profesionalen arteko loturari eusteko asmoz, Bizkaia Talentek 2020. urteko lehen Be Basque Talent Meeting antolatu zuen, joan den otsailaren 23an, Bostonen.
Aurreneko saioan, Ivan Jimenez Bizkaia Talenten zuzendari kudeatzaileak Be Basque Talent Network sarean parte hartzeak dakartzan aukeren eta abantailen berri eman zuen, profesionalen lan-ibilbidea garatzeko eta harremanetan egoteko osagaia den neurrian. Jimenezek Euskadiko lan-merkatuan epe motz eta ertainera gehien eskatuko diren profilak azaldu zituen, eta euskal elkarteak profesionalei Euskadira itzultzeko prozesuan laguntzeko dituen tresnak nabarmendu zituen.
Ondoren, Graphenea, Biobide, Testualia, Osito&Co, Irisbond eta Alias Robotics euskal erakundeek beren enpresa-proiektuak aurkeztu zituzten, eta Euskadin ekintzaile izan duten esperientziaz mintzatu ziren. Erakunde horietako batzuk Bizkaia International Startup Connection programan parte hartzen ari dira egun, BEAZek Cambridge Innovation Center-en kudeatua, ekintzaileak eta tokiko startup-ak Bostongo berrikuntza-ekosistemarekin harremanetan sartzea xede.
Be Basque Talent Network
Be Basque Talent Network Euskadirekin harremana duten edo izan nahi duten goi-mailako prestakuntzadun profesionalen munduko sarerik handiena da. 100 herrialdetan baino gehiagotan ari diren 13.500 profesionalek eta Euskadiko 430 erakundek baino gehiagok osatzen dute. Bere xedea da mundu osoan zehar lanean diharduten profesionalak beste profesional eta enpresa batzuekin harremanetan jartzea, talentua mugi dadin eta kontaktuak nahiz merkataritza-erlazioak era daitezen.