Bizkaia Talentek Be Basque Talent Meeting egin du Bruselan, non prestakuntza handiko 30 profesionalekin sartu den harremanetan
2023/05/11
- Ekitaldian, Euskadiko Energia Klusterrak eta pertsonen hautaketarako Hays aholkularitza-enpresak parte hartu dute.
Joan den maiatzaren 9an, Bizkaia Talentek urteko bosgarren Be Basque Talent Meeting egin zuen Bruselan, Belgikako hiriburuan aurrenekoz. Hark antolatuta eta bai Bizkaiko Foru Aldundiak bai Eusko Jaurlaritzako SPRI Taldeak babestuta, ekitaldiak balio izan zuen lan-ibilbidea Bruselan eta inguruetan garatzen duten eta Euskadiko enpresetarako hautagai potentzialak diren prestakuntza handiko profesionalekin harremanetan jartzeko.
Hasteko, Bizkaia Talenten Zuzendari Gerenteak, Ivan Jimenezek, euskal elkarteak profesionalei (euskal atzerriratuak eta atzerritarrak) ematen dizkien zerbitzuen berri eman zien bertaratuei, lan-merkatuko enplegu-aukera onenekin parekatzeko eta Euskadin lurreratzeko prozesuan laguntzeko asmoz, harrera-zerbitzuaren bidez (profesionalentzat eta beren bikotekideentzat). Jimenezek ibilbide profesionala Euskadin jarraitzea erabakitzen duten pertsonentzako zerga-abantailak nabarmendu zituen.
Ondoren, Ander Markina Bizkaia Talenteko Bezeroarekiko Harremanetarako Zerbitzuaren arduradunak eta José Ignacio Hormaeche Euskadiko Energia Klusterraren Zuzendari Nagusiak euskal enpresen egoeraren ikuspegi orokorra eskaini zuten, dauden aukerei eta eskatzen diren profilei dagokienez, gehienbat Euskadiko energia-sektoreari begira.
Horrez gain, batetik, Belgikatik Euskadira itzulitako profesional batek (Amaia Arranz, Achucarro ikerketa-zentrokoa) itzultzeko prozesu hori nolakoa izan zuen kontatu zuen, eta, bestetik, pertsonen hautaketarako Hays aholkularitza-enpresako Maitane Arenazak euskal enpresek egun eskaintzen dituzten enplegu-aukerak aletu zituen.