Düsseldorfeko Be Basque Talent Meeting-ek berrogeita hamar profesional baino gehiago bildu ditu
- Topaketan, Basque Trade & Investment, Basque Health Cluster eta ieTeam Consultores izan dira, azken biak Career Developers Network sareko kideak
Bizkaia Talentek aurtengo azken Be Basque Talent Meeting egin zuen, azaroaren 20an, funtsezko hiri batean, Düsseldorfen, hain zuzen. Euskal elkartea hiri alemaniarrean eta inguruan bizi diren eta beren lan-ibilbidea sektore estrategikoetan —informazio- eta komunikazio-teknologiak, zientzia eta teknologia— garatzen duten goi-mailako prestakuntzadun 55 profesionalekin bildu zen.
Saioari hasiera emateko, Ivan Jimenez Bizkaia Talenten zuzendari kudeatzaileak Euskadiko lan-merkatuak eskaintzen dituen aukeren eta bertan gehien eskatzen diren profilen berri eman zuen, eta, ondoren, profesionalei beren lan-ibilbidea Euskadin jarraitzea erraztuko lieketen tresna berritzaileenetako batzuen ezaugarriak azaldu zituen.
Horrez gain, bertaratuek osasunaren sektorearen egungo egoera eta ustez izango duen bilakaera ezagutu ahal izan zituzten, Osasunerako Zientzia eta Teknologia Enpresen Euskal Klusterraren (Basque Health Cluster) eskutik; era berean, klusterreko enpresa kideetan dauden proiektuak eta aukerak eman zituen ezagutzera.
Bestetik, ieTeam Consultores errekrutatze-aholkularitza, Bizkaia Talenteko Career Developers Network (CDN) sareko kidea, erakundeak merkatuko behar berrietara egokitzeko eta, horrela, profesionalak erakarri ahal izateko egiten ari diren aldaketez mintzatu zen. Aipatu beharra dago CDN sareak giza baliabideen arloko aholkularitzak eta itzulitako profesionalak biltzen dituela, azken horiei dagokienez Euskaditik kanpo bizi diren profesionalei beren lan-ibilbidea garatzen laguntzen dietenak, hain zuzen.
Nazioartekotzeko Euskal Agentzia (Basque Trade & Investment) ere izan zen ekitaldian, eta Alemaniaren eta Euskadiren arteko merkataritza-harreman estuaren gainean jardun zuen.
Be Basque Talent Network
Be Basque Talent Network Euskadirekin harremana duten edo izan nahi duten goi-mailako prestakuntzadun profesionalen munduko sarerik handiena da. 100 herrialdetan baino gehiagotan ari diren 13.000 profesionalek eta Euskadiko ia 400 erakundek osatzen dute. Bere xedea da mundu osoan zehar lanean diharduten profesionalak beste profesional eta enpresa batzuekin harremanetan jartzea, talentua mugi dadin eta kontaktuak nahiz merkataritza-erlazioak era daitezen.