Bizkaia Talent eta ACICAE 50 profesionalekin sartu dira harremanetan Be Basque Talent Meeting topaketan, Göteborgen
2019/05/22
- Topaketak, ACICAE Euskadiko Automobilgintzaren Klusterra bertan zegoela, Suediako hego-mendebaldean bizi diren goi-mailako prestakuntzadun profesionalekin harremanetan sartzeko, haien beharrak ezagutzeko eta Euskadin izan ditzaketen lan-aukerak aztertzeko balio izan zuen
Be Basque estrategiaren baitan, Bizkaia Talentek Be Basque Talent Meeting topaketaren beste edizio bat antolatu zuen, joan den maiatzaren 20an, Suediako Göteborg hirian. Bertan, goi-mailako prestakuntzadun 50 profesional bildu ziren, beren lan-ibilbidea aipatu hirian eta inguruetan garatzen ari direnak, denek ere sektore hauetako batean: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, zientzia eta teknologia, finantzak eta fabrikazioa, besteak beste.
Giro lasaian, profesionalek Euskadiko lan-merkatuko egungo egoera ezagutu zuten, zein aukera dituzten gurean lan egiteko, bai eta etorkizunerako aurreikuspenak ere merkatuan gehien eskatuko diren profilei dagokienez. Era berean, Ivan Jimenez Bizkaia Talenten zuzendari gerenteak profesionalei Euskadira itzultzeko prozesuan lagungarriak izango zaizkien zerbitzuak eta zenbait tresna berritzaile aurkeztu zituen.
Nabarmendu beharra dago topaketan, oraingoan, ACICAE Euskadiko Automobilgintzaren Klusterraren ordezkariak izan zirela. Zehazki, Inés Anitua, zuzendari nagusia, eta Raquel Piñan, nazioartekotze-zuzendaria; bien artean, Euskadiko automobilgintzaren berri eman zuten, zeina zalantza barik Euskadiko ekonomian estrategikoenetakoa eta etorkizunari begira itxaropen handienak biltzen dituena den.
Ivan Jimenezek oso ondo baloratu du topaketa, lehen aldiz Göteborgen egina, eta zera adierazi du: “Profesionalen askotariko jatorriak eta profilak oso interesgarriak dira Euskadiko lehiakortasunerako, mundu gero eta nazioarteko eta teknologikoago honetan”.
Be Basque Talent Network
Euskadirekin lotura duten edo izan nahi duten prestakuntza handiko profesionalen sarerik handiena da Be Basque Talent Network, eta 100 herrialdetan sakabanatutako 12.000 profesionalek nahiz 350 euskal erakundek osatzen dute. Bere xedea ondokoa da: munduan zehar lanean diharduten profesionalak beste enpresa eta profesional batzuekin harremanetan jartzea, talentua mugiarazteko eta kontaktuen eraketa zein merkataritza-harremanak errazteko.