Bizkaia Talent

Albisteak

Goi-mailako prestakuntza duten 30 profesionaletik gora bildu dira Milango Be Basque Talent Meeting bilkuran

  • Euskal elkarteak Euskadiko erakundeetara talentu gaitua erakartzeko helburuz antolatu du topaketa

Joan den martxoaren 29an, Bizkaia Talentek beste Be Basque Talent Meeting (BBTM) bat egin zuen, Milanen, gaitasun handiko profesionalak erakartzeko eta lan-ibilbidea Euskadin jarraitzea pentsatzen ari diren pertsonei bidea erakusteko. Ekitaldian, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako SPRI Taldeak babestuta, 34 lagun inguru bildu ziren.

Milango topaketa giro lasaian egin zen, eta Bizkaia Talentek, Ivan Jimenez zuzendari kudeatzailearen eta Ander Markina bezeroekiko harremanetarako zerbitzuaren arduradunaren eskutik, Euskadiko lan-merkatuaren egoeraren erradiografia erakutsi zuen, baita Euskadik eskaintzen dituen garapen profesionalerako aukerak ere.

Era berean, lan-ibilbidea Euskadin segitzea erabaki zuen profesional italiar batek bere esperientzia kontatu zuen, eta IeTeam Consultores pertsonen aholkularitzak eta Sarralle industria-taldeak euskal enpresek egun eskaintzen dituzten lan-aukerak aletu zituzten.

Nabarmentzekoa da ekitaldiak askotariko profesionalak bildu zituela, bai lan egiten duten sektoreei dagokienez (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, zientifiko-teknologikoa, manufaktura, eraikuntza…) bai beren jatorriagatik (% 33 euskal herritarrak, % 33 italiarrak, % 28 latinoamerikarrak eta % 6 Espainiako Estatukoak).

Soldatak, bizi-kalitatea eta -kostua, eta zerga-pizgarriak
Bertaratuek adierazitako kezka nagusietako bat soldatekin lotuta dago. Ildo horretan, Bizkaia Talentek Milanen eta Euskadin gehien eskatzen diren lanpostuetako batzuen alderaketa egin zuen, Big Dataren analisiaren bidez: software-garatzaileak, software-ingeniariak eta ingeniari elektrikoak. Milango eremuan soldaten eta bizi-kostuaren arteko erlazioa hobea bada ere, Euskadiko zerga-sisteman txertatutako zerga-abantailei esker goi-mailako prestakuntza duten profesionalek hainbat abantaila dituzte (% 50era bitarteko kenkaria PFEZn, 11 urtez, betiere azken 5 urteetan Estatutik kanpo bizi izan badira), eta, horiek aplikatu ondoren, Euskadin duten erosahalmena handiagoa da.

Euskadiko bizi-kalitateak ere areagotu egiten du profesionalen interesa bertara etortzeko, gure lurraldea Europako lekurik onenen artean baitago, eta, kasu honetan, baita Milanen eta bertako eskualde Lombardiaren aurretik ere, ELGAren eta Europako Batzordearen datuen arabera. Hala, Milango BBTMn izan zirenen % 78k adierazi zuten 5 urteko epean Euskadin lanean ikusten dutela beren burua.

Talentua herrialde ugaritan erakartzen
Euskal elkartea jardunaldi tematiko hauek antolatzen hasi zenetik, 2008tik, hain zuzen ere, herrialde ugaritan izan da (Frantzia, Herbehereak, Estatu Batuak, Suedia, Alemania, Finlandia, Suitza, Irlanda, Danimarka eta Erresuma Batua) Euskadiko sektore estrategikoetan lan-esperientzia duen talentu gaitua bilatzen. Hala ere, hau izan da BBTM Italian antolatu duen lehen aldia.

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×