Bizkaia Talentek Munichen egin du urteko azken Be Basque Talent Meeting bilkura
2023/12/18
- Lan-ibilbidea Bavariako hiriburuan eta inguruetan garatzen ari diren 60 profesional baino gehiago bildu ditu.
Bizkaia Talentek, Munichen 6 urtez inolako ekitaldirik antolatu gabe egon ondoren, Bavariako hiriburura itzuli zen, joan den abenduaren 12an, beste Be Basque Talent Meeting (BBTM) bilkura bat egiteko. Horrekin, euskal elkarteak amaitutzat jo du 2023. urteko nazioarteko networking-ekitaldien kapitulua, bederatzi hiritara eraman duena: Boston, Dublin, Milan, Kopenhage, Brusela, Düsseldorf, Edinburgo, Londres eta Munich. Aipatu beharra dago topaketa hauek Eusko Jaurlaritzako SPRI Taldearen Basque Talent ekimenaren barruan daudela.
Munichekoan goi-mailako prestakuntza duten 62 lagun bilduta, Bizkaia Talentek lan-ibilbidea garatzeko eskaintzen dituen zerbitzuak, Euskadiko lan-merkatuaren egoera, eskaintzen diren soldatak, punta-puntako proiektuak eta zerga-abantaila erakargarriak ezagutu ahal izan zituzten, besteak beste.
Oraingoan, Iddtek hautaketa-aholkularitzaren eta Liftra eta Orona enpresen ordezkariek hartu zuten parte BBTMn, eta profesional kataluniar batek Alemanian 10 urte eman ondoren lan-ibilbidea Euskadin jarraitzeko apustua egin zuenetik bizi izandako esperientzia azaldu zuen.
Ivan Jimenez Bizkaia Talenten zuzendari gerenteak urtea “oso positiboa” izan dela adierazi zuen, izan ere, “pandemiaren ostean, 2023an garatu ahal izan ditugu lehen aldiz berriro topaketak bai atzerrian bai aurrez aurre”. Jimenezek azpimarratu zuenez, “oso garrantzitsua da profesionalek hurbil gaituztela sentitzea eta guretzat zein inportanteak diren jakitea”.