Martxan da Be Basque Ambassadors programaren 5. edizioa
2022/11/11
- Bizkaia Talentek ongietorria egin die 20 herrialdetako 34 ikasleri, 2022/2023 ikasturtean parte hartuko dutenei, hain zuzen ere
Azaroaren 8an eta 9an, Bizkaia Talentek Be Basque Ambassadors programaren edizio berria aurkeztu zuen, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean eta Mondragon Unibertsitateko Bilbao AS Fabriken, hurrenez hurren.
Programa honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako elkarteak, EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta IED Kunsthal Bilbao eta DigiPen Institute of Technology erakundeekin batera, graduondoko eta doktoregoko ikasketak egiten ari den nazioarteko unibertsitate-talentua fidelizatu nahi du, ikasleei gizarteratzen eta lan-munduan txertatzen lagunduz. Hala, lotura afektiboak sortu, eta kide izatearen sentimendua sustatu nahi da, pertsona horiek, beren lan-ibilbidea gure mugetatik kanpo jarraitzen badute, Euskadiko enbaxadore gisa jardun dezaten.
Programak iraungo duen bederatzi hilabeteetan, ikasleek prestakuntza-tailerretan parte hartu, puntako erakundeak bisitatu, ekitaldi soziokulturaletara joan, eta Bizkaiko enpresen benetako erronkei erantzuteko lanean ere jardungo dute.
34 ikasle eta 20 herrialde
Programaren bosgarren edizio honetan, 34 ikaslek hartuko dute parte, mundu osoko 20 herrialdetatik etorrita: Alemania, Argentina, Txile, Txina, Kolonbia, Ekuador, Estatu Batuak, Honduras, Iran, Kazakhstan, Libano, Mexiko, Herbehereak, Panama, Paraguai, Erresuma Batua, Dominikar Errepublika, Errusia, Turkia eta Ukraina.