Be Basque Ambassadors programa aurkeztu da
2019/03/06
- Programak nazioarteko ikasle eta ikasle ohiek osaturiko enbaxadoreen sare batez hornituko du gure herrialdea
Be Basque Ambassadors, Bizkaia Talentek abiaturiko programak, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin, unibertsitateko nazioarteko talentua atxiki eta lurraldean goi-mailako prestakuntza duten profesionalak sustatzeko, erakartzeko eta fidelizatzeko ekosistema baten sorrera bultzatu nahi du.
Hala, programaren xedea da profesionalei gure herrialdean gizarteratzen eta lan-munduan sartzen laguntzea, bai eta, beren lan-ibilbidea munduko beste toki batean garatzen jarraituko balute, Euskadiko enbaxadoreak izatea, gure herrialdearekin harremanetan jarraituta eta bertokoak direla sentituta betiko, zeinak ezin hobeto bat egiten duen Bizkaia Talenten “Be Basque” estrategiarekin.
Datozen bost hiletan, gradu-, graduondo- edo doktoretza-ikasketak Bizkaiko unibertsitateetan egiten ari diren nazioarteko ikasleek, beren lan-ibilbidea gure herrialdean gara dezaten motibatze aldera, norbere marka garatzeko aukera izango dute, Euskadiko lan-merkatuan izan dezaketen enplegagarritasuna hobetzeko, eta hainbat jardueratan parte hartuko dute lurraldearekin lotura izan dezaten errazteko.
Ez hori bakarrik. Izan ere, lan-munduan sartzen ez ezik, gizarteratzen ere lagunduko zaie. Horretarako, ibilbide-orri bat eratu da, zeinaren arabera etorkizuneko enbaxadoreak hitzaldi parte-hartzaileetara, prestakuntza-tailerretara eta lurraldeko puntako hainbat enpresatara bisitan joan ahal izango diren, hainbat jarduera soziokulturalez gozatzeaz batera.
15 herrialdetako 24 enbaxadore
Programaren lehen edizio honetan, 24 parte-hartzaile izango dira, 15 herrialde hauetakoak: Argentina, Txile, Kolonbia, Kuba, Ekuador, Egipto, Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Jordania, Mexiko, Nepal, Errusia, Sudan eta Turkia. Askotariko profil horiek izango dira, besteak beste farmazia, artea, telekomunikazioak, ekonomia eta ingurumen-zientziak ikasi dutenak, Bizkaiko eta Euskadiko enbaxadoreen sarearen eraikuntzan lehen harria.