Bizkaia Talentek eta “Itzulitakoak” itzulitako euskal profesionalen elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Be Basque Mentoring Network abiatzeko
- Joan den abenduaren 27an, Itzulitakoak elkartearen jendaurreko aurkezpenean, Bilbon, itzulitako ehunka euskal profesional bilduta, erakunde bien arteko akordioa aurkeztu eta sinatu zen
Bizkaia Talentek eta itzulitako euskal profesionalen elkarteak sinaturiko akordioaren arabera, bigarrenak Bizkaia Talentek sustaturiko Be Basque Mentoring Network sarea sortzen lagunduko du; era berean, elkarteko kideek aholkulari jardungo dute, beste profesional batzuekin batera. Sarea goi-mailako prestakuntza duten profesionalentzat da, bereziki, Euskadira lan egitera itzultzea edo lehen aldiz etortzea pentsatzen ari direnentzat, zehazki; xedea da aholkularitza eskaintzea haiei hainbat sektoretako egungo egoeraren gainean, eta aholkulariek azaltzea zein egokitzapen-mota eta zailtasun topatu zituzten hemen bere garaian hona itzultzea erabaki zutenean… izan ere, aholkulariek ondo baino hobeto ulertuko dute itzuli edo lehen aldiz etorri nahi dutenen egoera, haiek ere berdin edo antzera bizi izan zutelako.
Itzulitakoak irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 2018an sortua, atzerrian lan-esperientzia esanguratsua (hiru urtez edo gehiagoz) izan ostean Euskadira itzulitako profesionalak batzeko. Hala, elkarteak biltzeko eta networkingerako gune bat sustatzen du, non itzulitako profesionalek beren esperientzien berri eman dezaketen eta, kolektibo gisa, ikusgaiago bilaka daitezkeen enpresen, erakundeen eta beste organismo batzuen aurrean.
“Akordio honen bidez, Bizkaia Talentek eta bere Be Basque Talent Network estrategiak indartu egingo dute beren ardatz berak xede dituzten eragileekiko lankidetza; garapen profesionala bultzatuko du, funtsezkoa baita talentua erakartzeko eta berrerakartzeko ardatzerako” azpimarratu zuen Ivan Jimenez Bizkaia Talenten zuzendari-kudeatzaileak.
Itzulitakoak elkartearen presidente Andoni Hidalgok, berriz, zera adierazi zuen: “Lankidetza honek agerian utziko du itzulitako profesionalak honen moduko sare egonkor baten inguruan antolatzeak balio erantsia dakarrela Euskadin (bir)gizarteratzea errazagoa izateko aholkularitzari, laguntzari eta konfiantzari dagokienez. Itzulitakoak elkarterako, honelako lankidetza-hitzarmenak dagoeneko finkatuta dauden ekimenekin egitea, Bizkaia Talentekin eta Be Basque Talent Network estrategiarekin, kasurako, lehen urrats garrantzitsua da gure esperientzia kolektiboa eta Euskadiren nazioartekotze-prozesuari egindako ekarpena balioesteko”.