Abian da atzerriko prestakuntza-maila handiko talentua erakartzeko Be Basque Talent Program
2021/10/27
- Urrian hasita, programaren lehen edizio honetan mundu osoko 22 herrialdetako 62 profesionalek hartuko dute parte.
Euskadiko lan-merkatuan, talentu prestakuntzaduna gero eta urriagoa da, eta bertako garapen ekonomikoa arriskuan dago. Izan ere, erakundeak zailtasun handiak izaten ari dira eskaintzen dituzten lanpostuak egokiro betetzeko.
Egoera honetan, Bizkaia Talentek goi-mailako prestakuntza duten profesionalak erakartzeko lanean jarraitzen du, besteak beste, eta horren emaitza pandemia hasi baino lehen ere hilabete luzez gogor lan egin ondoren abiatu berri duen azkeneko programa da: Be Basque Talent Program.
Programak atzerrian dauden eta beren lan-ibilbidean hurrengo urratsak Euskadin egitea pentsatzen ari diren pertsonei aholkularitza pertsonalizatua eskaintzea du helburu. Horretarako, pertsonen kudeaketan adituak diren bost aholkulariren laguntza izango du: Batea, ieTeam Consultores, In Group, Lourdes G. Renilla eta We Bring Strategy.
Pertsonen alorreko aholkularitza-enpresek Euskadiko lan-merkatuari buruzko lehen eskuko informazioa emango dute, gaikako hainbat web-mintegiren bidez, eta, horrez gain, parte-hartzaileak coaching bidez bideratuko dituzte eta balio-proposamen erakargarria eratzen lagunduko diete.
62 profesional eta 22 herrialde
Programaren lehen edizio honetako parte-hartzaileek esperientzia egiaztatua dute IT-, ingeniaritza-, marketin- edo finantza-alorrean, eta, egun, munduko 22 herrialde hauetako batean bizi dira: Alemania, Argentina, Austria, Kanada, Txile, Kolonbia, Kuba, Danimarka, Estatu Batuak, Frantzia, Holanda, Irlanda, Italia, Kuwait, Mexiko, Zeelanda Berria, Portugal, Erresuma Batua, Suedia, Suitza eta Venezuela, bai eta Espainiako Estatuko hainbat hiritan ere.