Bizkaia talent-ek Be Basque Talent Network aurkeztu du Finlandian
2016/02/03
Talentua Bilbo-Bizkaia-Euskadira erakartzeko, berton geratzeko eta inplikatzeko elkarteak, bizkaia talent-ek, Be Basque Talent Network aurkeztu die Finlandiako Helsinki inguruan bizi diren euskaldunei, urtarrilean garatutako misioan.
Erakundeko zenbait ordezkari eta, euren artean, bertako Ivan Jimenez zuzendari gerentea Finlandiara joan dira, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresen eta Lurraldearen Garapenerako Sailak legealdi honetarako nazioarteko ezarpenari begira zehaztutako ardatz estrategikoekin bat datozen zenbait ekintza abian jartzeko.
Hori dela eta, bizkaia:talent-ek mundu-mailako lanerako eta lankidetzarako sareak sortzea eta garatzea oso garrantzitsua dela badakienez, topaketa antolatu du Helsinkiko metropolialdean bizi diren euskal herritarrekin. Aurton talentuaren arloan egin den lehenengo topaketa izan da, eta Finlandiako hiriburuan bizi diren euskal herritarren kezkak eta egoera zein diren jakitea izan da helburu nagusia.
Halaber, Euskadiko hurrengo urteetarako lan-aurreikuspenen berri eman eta Be Basque Talent Network plataforma ere aurkeztu zaie. Sare profesional horretan, Euskadirekin lotuta dauden edo egon nahi duten profesional prestatu-prestatu guztiak daude sartuta. Gaur egun, modu ofizialean iragarri zenetik urtebete betetzear dagoenean, munduko 80 herrialdetan lan egiten duten 7.000 profesional baino gehiago eta 150 euskal erakunde baino gehiago daude erregistratuta.
Vigo Enpresak Azkartzeko Programa
Era berean, Helsinkin kokatutako Vigo Enpresak Azkartzeko Programako arduradun gorenekin ere egin da bilera. Enpresak azkartzeko sistema berria da, eta nazioartean oso ospetsua den Finlandiako berrikuntza-ekosistema osatzea dauka helburu. Programa horrek, hain zuzen ere, oinarri teknologikodun enpresa sortu berriak nazioarteko arrisku-kapitaleko enpresetara hurbiltzea du helburu.
Programako ardatz nagusia Vigo Azkargailuak dira. Zorroztasunez aukeratutako konpainia independenteak dira, eta nazioarteko ibilbide ospetsua duten sustatzaileek zein exekutiboek kudeatzen dituzte. Enpresa-azkargailu horiek start-up onenei laguntzen diete merkatu globalean modu azkarragoan eta adimentsuagoan bilakatzen.
NewCo Helsinki
Era berean, topaketa ere egin da Helsinkiko Udalak sustatutako NewCo Helsinki erakundeko zenbait arduradunekin. Erakunde horretan, hain zuzen ere, hiriak sustatzaileei laguntzeko dituen zerbitzu guztiak daude metatuta: ekintzailetzako oinarrizko hezkuntza, nazioartean etorkizun handia daukan erakundea nola sortu…
Beraz, erakunde horrek ekintzailetzako lehenengo urratsak erraztea, prozesu horrekin lotutako oztopoak gutxitzea eta porroterako arriskua murriztea dauka xede.