Bizkaia Talent harremanetan jarri da Dublin inguruan bizi diren goi-prestakuntzadun euskal profesionalen talentuarekin
2017/06/10
- Ekainaren 9an, ostirala, 18:30ean, Wood Quay Venuen (Civic Offices) egindako Be Basque Talent Meeting topaketan
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia-Euskadiko talentua erakartzeko, berton geratzeko eta inplikatzeko sustatutako elkarteak harremanak estutzen jarraitzen du euskal profesionalen talentuarekin, haien gaur egungo bizilekua edozein dela ere.
Hartara, Bizkaia Talentek Be Basque Talent Meeting topaketaren beste edizio bat antolatu zuen, eta gaur egun euren bizitza profesionala Dublingo metropolialdean garatzen duten goi-prestakuntzadun hogeita hamar bat euskal profesionalek parte hartu zuten bertan.
Une honetan, guztiek honako enpresa eta erakunde hauetan lan egiten dute: IBM, Brite:Bill, Dublin City Council. International Relations Department, Ericsson, Qualtrics, Xilinx, SAP, Saresoft aplicaciones on line, S.L., BMS Performance, Accenture, Microsoft, Infosys BPO, Google, Bank of Ireland, Haizebolada eta Twittero SAP, besteak beste.
Topaketan bertan, Bizkaia Talenteko zuzendari gerenteak, Ivan Jimenezek, profesionalei azaldu zien hurrengo urteei begira Euskadin zer lan-aukerak eta profil profesionalek izango duten eskari handiena, euskal kluster-elkarteek emandako datuak eta informazioak kontuan hartuta.
“Oso garrantzitsua da gaur egun Dublin eta beste hiriburu europar batzuetan bizi diren euskal herritarrek zuzen-zuzenean jakitea zein den Euskadiko egoera ekonomikoa eta lan-arlokoa, baita zer lanpostu eskaintzen ari diren ere goi-prestakuntzako lanpostu hutsak estaltzeko”, azaldu du zuzendari gerenteak.
BE BASQUE TALENT NETWORK
“Networkingeko topaketa horiei esker, euren lan-ibilbidea kanpoan garatzen duten euskal profesionalen arteko sareak sustatzen dira, Euskadirekin etengabeko lotune proaktiboa edukitzeko eta Be Basque Talent Network indartzeko”, erantsi du Ivan Jimenezek.
Euskadirekin lotunea eduki nahi duten profesionalen sare handiena da, eta, gaur egun, honako hauexek dira bertako kideak: 90etik gora herrialdetako 8.500 profesional inguru eta 300etik gora euskal erakunde zein enpresa.