Bilboko aireportua, Europako bigarren onena
Mikel Arrazola
- Gainera, AirHelp Score rankingak 24. postuan kokatu du munduko onenen artean.
AirHelp erakundeak, aireko bidaiarien eskubideak babesten dituen munduko garrantzitsuenak, AirHelp Score 2022 sailkapena aurkeztu du, urtero bezala, bidaiariei eskainitako esperientziaren arabera munduko airelinea eta aireportu onenen berri emateko. Aireportuen puntuazioak errendimendu zehatza, zerbitzuaren kalitatea, eta bertako jatetxeen eta denden kalitatea aintzat hartuta zehazten dira.
Zerrendaren arabera, Bilboko aireportua hoberen balioetsienen arteko bigarrena da Europan, Adolfo Suárez Madril-Barajasko aerodromoaren atzetik eta Europako gainerakoen aurretik. Hain zuzen ere, Europako hurrengo aireportua Milangoa da, Italian, 49. postuan dagoena. Mundu-mailako sailkapenari dagokionez, Bilboko aireportua 24. lekuan dago.
‘Usoak’, hegoak zabalduta dituen hegazti-formako diseinuagatik hala izendatutako Bilboko aireportuak, 8,05eko puntuazio orokorra lortu du, puntualtasunean 8,39 puntu, erabiltzaileen iritzian 7,81 puntu, eta dendetan eta jatetxeetan 7,28 puntu bilduta. Estatuko aireportuen podiumeko hirugarrena Bartzelona-El Prat Josep Tarradellas da, 53. postuan.
Japonia eta Brasil, munduko aireporturik onenak dituzten herrialdeak
AirHelpek eratutako rankingeko munduko lehen aireportua Tokyo Haneda International Airport da, 8,83ko puntuazio orokorrarekin. Bigarrena, Recifeko aireportua, Brasilen, 8,52ko puntuazioarekin. Azkenik, hirugarrena, Japoniako beste aireportu bat, Tokyo Narita International, zeinak 8,49ko puntuazioa eskuratu duen.