Bilboko aireportua Europako onena, Airhelp Score rankingaren arabera
Mikel Arrazola
- Hogeita batgarren postuan dago mundu-mailako sailkapenean.
AirHelpek, aireko bidaiarien eskubideak defendatzen dituen munduko erakunde nagusiak, urtero osatzen duen AirHelp Score 2023 sailkapena ezagutarazi du, alegia, munduko aireporturik onenak kalifikatzen dituena. 2015. urtetik egiten da zerrenda, eta munduko airelinea eta aireporturik onenak ebaluatzen ditu, bidaiariei eskainitako esperientzia kontuan hartuta. Aireportuen puntuazioak zehazteko, puntualtasunari, zerbitzuaren kalitateari, eta bertako jatetxe eta denden bikaintasunari erreparatzen diete.
Bilboko aireportua 21. postuan dago mundu-mailako sailkapenean; hala, hiru postu hobetu da 2022ko txostenarekin alderatuta, eta, gainera, lehena da Europako aerodromo guztien artean.
‘Usoa’ aireportuak, hegoak zabalduta dituen hegazti bat dirudielako hala izendatuak, 8,04 puntuko puntuazio orokorra lortu du: 8,11 puntu puntualtasunean, 8,14 bezeroen balorazioan eta 7,74 denda eta jatetxeetan.
Asia eta Hego Amerika, munduko aireporturik onenak dituzten kontinenteak
Airhelpen rankingean, Omango Muscateko Nazioarteko Aireportua dago lehen postuan, 8,54ko puntuazio orokorrarekin, eta, ondoren, Recifeko aireportua, Brasilen, 8,49 punturekin. 10 aireporturik onenen zerrendan gehien dituzten herrialdeak Brasil eta Japonia dira, lau eta hiru, hurrenez hurren.