Bilbo, talentua atxikitzeko gaitasunik handieneko munduko laugarren hiria
- Global Talent Competitiveness Index txostenak sailkapenaren goialdean kokatu du, atxikipen-oinarrian, guztira 155 hiriren artean.
- Ranking orokorrean, 74. postuan dago, 2020ko ediziotik bederatzi postu igo ondoren.
Talentua atxikitzeko gaitasunari dagokionez, Bilbo mundu-mailako laugarren postuan dago urrian aurkeztutako Global Talent Competitiveness Index (GTCI) 2021 txosteneko rankingean jasotako 155 hirien artean. Txostenak, Insead nazioarteko negozio-eskola entzutetsuak Accenturerekin eta Portulans Institutuarekin elkarlanean garatuak, 134 herrialde talentua nola hazten, erakartzen eta atxikitzen duten aintzat hartuta sailkatzen ditu, eta, izan herrialde edo hiri, lurraldeen arteko talentu-lehiakortasunari buruzko urteko erreferentzia nagusia da.
Hirien atalari dagokionez (Global Cities Talent Competitiveness Index -GCTCI-), txostena bost oinarritan banatuta dago, honako hauek neurtzeko: hiriek nola Gaitzen (1), Erakartzen (2), Hazten (3) eta Atxikitzen (4) duten talentua; azkenak, berriz, Ezagutza Globaleko Trebetasunak (5), talentuaren inpaktuari eta hirien nazioartekotze-mailari erreparatzen die. Guztira, GCTCI ereduak 16 adierazle sozioekonomiko biltzen ditu, eta zutabe bakoitzak hiru aldagai, gutxienez.
Edizio honetan, gaia “Talentuaren lehiakortasuna COVIDaren garaian” izanik, Bilbok 74. postua lortu du ranking orokorrean; hala, bederatzi postu igo da 2020ko ediziotik.
Euskal hiria atxikipen-oinarrian nabarmendu da bereziki, Helsinki, Eindhoven eta Osloren atzetik, zeinetan segurtasuna, ingurumen-kalitatea, trafikoa dagoeneko bidaia-denbora eta zoriontasuna aztertzen diren, besteak beste. Aipatu beharra dago azken bi edizioetan Bilbo baino ez dela mantendu oinarri honen lehen lau postuetan.
Talentua atxikitzea, lortzeke
Talentua erakartzeari dagokionez, Bilbok puntuazio txikia lortu du; txikiena, bost oinarriak kontuan hartuz gero. 2020ko edizioan baino puntu gehiago eskuratu baditu ere, 61. postuan dago, lehenengo hamarretatik oso urrun. Zalantzarik gabe, talentuaren kudeaketaren esparruan, talenturik onena erakartzea eta fidelizatzea da Euskadiko erronka nagusietakoa, eta lasterketa horretan herrialderik aurreratuenekin lehiatu beharko da. Bizkaia Talent bere zerbitzu eta jardueren bidez egiten ari zaio aurre erronka itzel horri.
Ildo horretatik, txostenean azpimarraturiko kontuetako bat, haren aurkezpenean ere nabarmendu egin zena, malgutasuna da: enpresek behar bezala lantzen eta kudeatzen badute, talenturik onena eta distiratsuena erakarriko dute, profesionalak lurralde edo enpresa bat edo beste aukeratzeko orduan faktore erabakigarria delako.