Bilbo, Estatuko hiririk zoriontsuena Vigorekin batera
2024/10/21
David de la Iglesia Villar
- Euskadiko hiria Espainiako Estatuko hiririk zoriontsuena da, Happy City Index 2024 indizearen arabera, eta munduko 59.a.
Hirien zoriontasuna mundu-mailan ebaluatzen duen zerrendak, Happy City Index delakoak, Institute for Quality of Life eta Londresko Happy City Hub erakundeek eginak, lehen postuan kokatu du Bilbo Espainiako Estatuko hirien artean 2024ko rankingean, puntutan Vigorekin berdinduta. Mundu-mailako sailkapenean, 59. postuan dago munduko 250 hiririk zoriontsuenen artean.
Txostenak hirietako bizilagunen bizi-kalitatea eta zoriontasun-sentsazioa neurtzen ditu, 24 jarduera-alorri erreparatuta, zeinak bost kategoria hauetan banatzen diren: biztanleria, gobernantza, ingurumena, ekonomia eta mugikortasuna. Bilbok, iaztik 10 postu igo ondoren sailkapenean, 1.556,1 puntu lortu ditu guztira, honela banatuta: biztanleria (318,7), gobernantza (353,8), ekonomia (336,9), ingurumena (278,4) eta mugikortasuna (268,4).
Estatu-mailan, Bilbo eta Vigo ondoren Valentzia (106.a), Bartzelona (139.a), Zaragoza (165.a) eta Madril (192.a) daude. Mundu-mailako rankingari dagokionez, Aarhus (Danimarka) da hiririk zoriontsuena, Zürichen (Suitza) eta Berlinen (Alemania) aurretik. Lehenengo 10en arteko gainerakoak Göteborg (Suedia), Amsterdam (Herbehereak), Helsinki (Finlandia), Bristol (Erresuma Batua), Kopenhage (Danimarka), Geneva (Suitza) eta Munich (Alemania) dira.