Hidrogeno berdea ekoizteko Europako lantegirik handiena Bilbon egongo da
2021/02/09
Argazkia: El Estrecho Digital
- Repsolek Bilboko Portua aukeratu du 100 megawatteko elektrolizatzaile alkalinoak fabrikatuko dituen lehen instalazioa garatzeko.
- Azpiegitura Petronorren ezarriko da, Repsolen filialean, hain zuzen.
Hidrogeno berdea ekoizteko Estatuko lehen instalazioa Zornotza herri bizkaitarrean jarriko da martxan, 2022an, baina ez da izango bakarra. Izan ere, Repsolek Euskadi lehenetsi du hidrogeno berriztagarria ekoizteko Europa osoko lantegirik handiena ezartzeko. Karbono urriko hidrogenoa lehiakortasunez sortzeko azpiegitura hori Bilboko Portuan instalatuko da, eta Repsolen filial Petronorren industria-gunearekin konektaturik egongo da.
Proiektua, H24All izenekoa eta Repsolen parte-hartzea duena, hamabost entitatek osaturiko partzuergoa da. Kideek finantzaketa eskatu dute, European Green Deal delakoaren deialdian, 100 megawatteko elektrolizatzaile alkalinoak fabrikatzeko lantegi hau garatzeko, Europan lehenbizikoa.
Egitasmoaren arabera, hiru urtez elektrolizatzailea ikertu, garatu eta eraikiko da, eta beste bi urte teknologiaren erakustaldiari eta baliozkotzeari eskainiko zaizkio.
Ekimenak bultzada izugarria emango dio hidrogeno berriztagarria ekoizteko teknologia-garapenari, eta eragin positiboa izango du beste industria batzuetan, besteren artean mugikortasunean, finketan, erregai sintetikoen ekoizpenean eta energia berriztagarriaren sorkuntzan.
Hidrogeno berdea, isurpenak murrizteko eta planeta zaintzeko
Planetaren deskarbonizazioa mundu osoko herrialde ugarik 2050. urterako ezarritako helburuetako bat da. Hori lortzeko, besteak beste, hidrogenoa deskarbonizatu beharra dago, era horretan hidrogeno berdea izateko. Euskadin, 120 enpresa eta zentro teknologiko dagoeneko ari dira 30 industria-proiektutan lanean, 2026ra arte 1.000 milioiko inbertsioa izanik. Hurrengo lau urteetarako, berriz, beste 1.500 milioi aipatzen ari dira.