Atzerriko inbertsiorako tamaina handiko Europako laugarren hiririk onena da Bilbo, Financial Times-en arabera
- Bizkaiko hiriburuak sei postu igo ditu argitalpen-talde britaniarrak atzerriko kapitala erakartzeko gaitasunari buruz egindako rankingean.
Bilbo tamaina handiko laugarren hiri europar moduan aintzatetsia izan da atzerriko inbertsio zuzena erakartzeari dagokionez, Financial Times argitalpen britainiarreko fDi Intelligence aldizkariaren European Cities and Regions of the Future 2024 rankingaren arabera.
Rankingak Europako 370 hiri baloratzen ditu atzerriko inbertsio zuzena erakartzeko, atxikitzeko eta handitzeko gaitasunaren arabera, eta tokiko gobernuek kanpoko inbertsioa sustatzeko egiten duten lan integrala ebaluatzen du, hiri bakoitzak arlo horretan duen potentziala ezarriz. Sailkapena egiteko, fDi Intelligencek 80 adierazle baino gehiago erabiltzen ditu, bost kategoriatan banatuta: potentzial ekonomikoa, giza kapitala eta bizimodua, errentagarritasuna, konektibitatea eta negozioak egiteko erraztasuna.
Bilbok sei postu egin ditu gora, joan den urtean sailkapen horretako top 10ean sartu ondoren; iaz sartu zen lehen aldiz “tamaina handiko hiriak” kategorian. Sailkapen horretan 500.000 biztanletik gorako herriak sartzen dira, baita milioi bat biztanletik gorako metropoli-eremua dutenak ere.
fDi Intelligence
fDi Intelligence Financial Times argitalpenaren atal bat da, atzerriko inbertsioaren nazioarteko joerak zehatz-mehatz aztertzen espezializatua, eta erakundeei eta enpresei datu eta aholkularitza espezializatuak eskaintzen dizkie lehiakortasuna eta posizionamendua hobetzeko.