Bilbo munduko 25 hiri adimendunenen artean, IMD Smart City Index 2020 txostenaren arabera
- Euskal hiriburua Estatuko lehen postuan dago hiriek bertako biztanleen bizimodua hobetzeko teknologia adimendunak ezartzeko orduan egiten duten ahalegina eta lortzen duten arrakasta ebaluatzeko rankinean
Bilbo munduko 24. hiri adimendunena da, Hiri Adimendunen Indizearen (Smart City Index 2020) bigarren edizioko txostenaren arabera, zeina Suitzako negozio-eskola prestigiotsu IMDko Munduko Lehiakortasun Zentroko (IMD World Competitiveness Center) Hiri Adimendunen Behatokiak egin duen, Singapurreko Teknologia eta Diseinu Unibertsitatearekin (SUTD) elkarlanean.
Azterketak mundu osoko 109 hiri sailkatzen ditu, bertako biztanleek bi oinarri hauek nola hautematen dituzten kontuan hartuta: batetik, hiriko egiturak, bertan dauden azpiegiturak, alegia; bestetik, teknologia, herritarrek eskura dituzten hornidura eta zerbitzu teknologikoak, hain zuzen. Bietan, osasun-, segurtasun-, mugikortasun-, hezkuntza- eta gobernantza-zerbitzuak eskuratzeko aukera aztertzen da.
Bilbo Madril eta Bartzelona hiri handien aurretik dago rankinean (horiek 45. eta 49. postuetan daude, hurrenez hurren), bereziki nabarmenduta bertako garraio publikoagatik, jarduera soziokulturalengatik, zerbitzu medikoengatik, birziklapen-zerbitzuengatik eta hezkuntza ona jasotzeko ahalmenagatik, besteak beste.
Singapur, rankingaren buruan
Bigarren urtez jarraian, Singapur izendatu dute munduko hiririk adimendunena; ondoren, Helsinki eta Zurich; eta laugarren eta bosgarren postuetan, Auckland eta Oslo daude.