Bizkaiak GIHen araberako zerga-politika daukan munduko lehenengo lurraldea izan nahi du
Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria eta IIPPko zuzendari Mariana Mazzucato. Iturria: UCL.
- Helburua da osasuna, ingurumena, berdintasuna eta hezkuntza babesten dituen hazkunde ekonomikoaren alde egitea
Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza-akordioa izenpetu du University College Londoneko (UCL) Berrikuntzarako eta Xede Publikorako Institutuarekin, zeinak Mariana Mazzucato ekonomialari ospetsua duen buru. Jomuga da Nazio Batuen Agenda 2030ean zehazturiko Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) babestuko dituen zerga-politika garatzea. Hala, lehen urratsa da GIHei begirako munduko aurreneko zerga-sistema ezartzeko.
Proiektuaren asmoa ez da zerga bakarra eratzea, baizik eta zerga-sistema osoa barne hartuko duena. Hori lortze aldera, egitasmoak zerga-egitura jakin bat sortu nahi du, osasuna, ingurumena, berdintasuna eta hezkuntza babestuko dituen hazkunde ekonomikoa bultzatzeko.
Lurraldeko hazkunde ekonomikoa abiapuntu, Berrikuntzarako eta Xede Publikorako Institutuak balio publikodun ikuspegi zabala emango du, funtsezkoa susperraldi ekonomiko inklusiboa, berdea eta iraunkorra lortzeko.
Hala, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak hauxe nabarmendu nahi izan du: “Ezin gara nola edo hala hazi, ez horixe; garapen iraunkorragoa eta inklusiboagoa behar dugu”.