Bizkaiak nazioarteko mapa zientifikoan daukan posizioa indartu du ERA CAREER DAY Bilbao topaketari esker
Bizkaiko lurralde historikoak nazioarteko aitorpendun eta kalitateko ikerketa bultzatzen duten ekintzak sustatzen jarraitzen du. Izan ere, halaxe egiaztatu ahal izan da irailaren 18an, 19an eta 20an egindako ERA CAREER DAY Bilbao topaketaren ostean. Bizkaia Talent antolatzaileetakoa izan da, Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrarekin eta Zientzia eta Teknologiarako Fundazio Espainiarrarekin (FECYT) batera.
Ekitaldia Euraxess – Euescada proiektuaren barruan dago kokatuta, eta ahalik eta informazio gehien eskaini nahi die ikasketak amaitzen ari diren unibertsitarioei eta euren aukera profesionalak ebaluatzen ari diren Estatu espainoleko ikertzaileei.
Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapenerako foru-diputatuak, Imanol Pradalesek, topaketari eman zion hasiera, eta honako hauxe adierazi zuen bertan: “oso ekitaldi handia da zientziak gure gizartean daukan garrantzia nabarmentzeko, eta bidelagun ezin hobea ere izan daiteke gazteek euren ibilbide profesionalak abian jartzen dituztenerako”.
Horrela, hiru egun horietan, parte-hartzaileek honako arlo hauetako informazioa jaso zuten: nazio-mailako eta nazioarteko finantzazio-aukerak, akademia ez beste irtenbide profesional batzuk, ikerketa-ibilbidean mugitzeko aukerak, ikertzaileen gaitasunak zein trebetasunak eta nola hobetu…
Euskal Herriko Unibertsitateko Nekane Balluerka errektorearen esanetan, “topaketak akademiatik harago eraman nahi du ikerketa bera, hau da, bete-betean txertatu nahi du gizartean”. Hori dela eta, honako hauxe azaldu zuen hasiera-ekitaldian: “ikertzaileek ez dute akademian bakarrik zertan lan eginik, gizarteko, aurreratutako edozein gizartetako indar sustatzailea izan behar direlako. Horrexegatik, ikertzaileek zenbait erakundetan lan egin behar dute”.
Bertaratutakoek programatutako saioetan parte hartu zuten, baina, horrez gain, ERA Career Day topaketan esku hartu zuten profil zientifiko profesionalen inguruko interesa daukaten Euskadiko zenbait erakunde eta enpresa bisitatzeko eta haiekin batzartzeko aukera ere izan zuten.
Bizkaia Talenteko Ivan Jimenez zuzendari gerentearen ustez, “ekitaldi hau suspergarria izan da bide beretik lan egiten jarraitzeko, eta, jakina, ikertzaileekin ez ezik, ondo baino hobeto prestatutako profesionalekin ere bai, ahal dugun neurrian haiei laguntzea daukagulako helburu”.