Bizkaia:talent Japoniako Nagaokako IGCN Biltzarrera gonbidatu dute
2015/06/25
Bizkaia:talent Japoniako Nagaokako Unibertsitate Teknologikoak hiri horretan antolatu duen 2015eko IGCN Biltzarrera gonbidatu dute. Ivan Jimenez, bizkaia:talent-eko gerentea, Japoniako Nagaokako hiriraino joango da, eta Japoniako Nagaokako Unibertsitate Teknologikoko goi-ordezkariekin batzartuko da, lankidetza akademikorako zein profesionalerako sistema berriak aztertzeko.
Jimenezek Nagaokako Nazioarteko laugarren GIGAKU Biltzarraren esparruan (IGCN 2015) eskainiko du izenburu hau duen hitzaldia: “bizkaia:talent – The example and policies followed in the Basque Country to attract, retain and connect the talent”. Nagaokako Nazioarteko GIGAKU Biltzarra diseinatzeko eta antolatzeko orduan, oso kontuan hartu da sektore arteko eta mugaz gaindiko topaketa eta diziplina arteko foroa izan behar dela GIGAKU sortzen eta abian jartzen ari diren ikertzaile, hezitzaile eta lider industrialentzat.
GIGAKU trukerako eredua da, Japoniako Gobernuko ekimen estrategikoaren barruan dago kokatuta eta, bertako Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia Ministerioaren bidez, nazioarteko lankidetzarako asmo handiko ekimen iraunkorrak garatzen ari da unibertsitate, ikerketa-zentro, instituzio publiko eta enpresekin.
Japoniako Nagaokako Teknologia Jasangarriei buruzko Unibertsitate Globala apustu horretako proiektu adierazgarrienetakoa da, eta bikaintasunaren munduko campusa sortu nahi du zenbait herrialderekin lotune iraunkorrak edukitzeko; esate baterako, Alemania, Hego Afrika, Vietnam eta Mexiko.
Urtarrilean, Japoniako ikertzaileen ordezkaritza Euskadira etorri zen, truke akademiko iraunkorrerako programa aitzindari hori abian jartzeko. Arlo horretan Japoniaren eta Euskadiren artean garatutako lehenengoa izango da, eta Mondragon Unibertsitateak zein Deustuko Unibertsitateak parte hartuko dute bertan.
Japoniako Nagaokako Unibertsitate Teknologikoak bizkaia:talent-en laguntzaz bultzatu ondoren, BC3ko, Ikerbasqueko eta Ramón y Cajaleko Sérgio Henrique Faria irakasle ikertzaileak Euskadin koordinatuko duen hitzarmenari esker, “Unibertsitate Globala” sortu ahal izan da. Horrela, bada, ikasle zein ikertzaileen nazioarteko mugikortasuna sustatu eta ETE-ek teknologia jasangarrien arloan duten nazioarteko agerpena indartu ahal izango da.
Era berean, eskualde horretara egingo duen bisitaldian, bizkaia:talent-eko zuzendari gerenteak topaketa profesionala ere garatuko du Tokio inguruan lanean ari diren hamar bat euskal herritarrekin, zer egoeratan dauden eta Euskadira itzuli edo harekin lotune profesionalik eduki nahi luketen jakiteko.