Talentum programa. Bizkaia:talent, Mondragón Unibertsitatea eta Telefónica
2014/09/16
Talentum programak ekintzailetza sustatzen du Euskadiko gazte unibertsitarioen artean.
Talentum programak zortzi proiektu sustatzaile bultzatuko ditu Euskadin, 50etik gora euskal ikasleren partaidetza izan duen hautaketa-prozesua egin ondoren.
Ekintzailetza Sustatzeko Talentum Programak zortzi proiektu bultzatuko ditu Euskadin, 50etik gora euskal ikasleren partaidetza izan duen hautaketa-prozesua egin ondoren.
Ostiralean, Bilbon, bizkaia:talent-ek, Mondragón Unibertsitateak eta Telefónicak Euskadin Talentum Startups prestakuntza handiko beken programan hautatutako zortzi proiektuak aurkeztu dituzte.
Programa honek ekintzailetza sustatu nahi du ikasketa teknologikoak egin dituzten gazte unibertsitarioen artean. Azaldutakoaren arabera, 50etik gora euskal ikasleren partaidetza izan duen hautaketa-prozesu zorrotza egin ondoren aukeratu dira zortzi proiektu horiek.
Hautatutako proiektu bakoitzak 6.500 euroko inbertsiorako beka jasoko du. Kopuru horretatik, %50 inguru bekadunarentzat berarentzat izango da; eta gainerakoa, ekipoak, tutoreak zein aholkulariak finantzatzeko.
Aurrerantzean, hautatutako proiektuek aholkulari teknologikoa izango dute, hobeto garatu ahal izateko. Horrez gain, hautatutakoek babeserako programa zabala ere izango dute zenbait enpresa-arlotan. Azaldutakoaren arabera, unibertsitatearen arloan sustatu nahi duten gazteen talentua bultzatzeko ekosistema sortzea da helburu nagusia.
Euskadin hautatutako zortzi proiektuen artean, zenbait arlotarako aplikazio digitalen garapena nabarmentzen da. Aplikazio horietako bat “Armairu adimenduna” da, eta, metereologiaren, agendaren nahiz gustuen arabera, zer jantzi behar duen erabakitzen laguntzen dio erabiltzaileari.
Safety Spy aplikazioak, ordea, segurtasuneko elementuen erabilera sustatu eta modernizatu nahi du arriskupeko lanetan. Euskadin ere hautatutako “Meet2RUN” aplikazioak jogging-zaleen arteko topaketa sustatzen du, eta aukeratutako beste aplikazio batek egindako ibilbideen mapak sortzen ditu automobilen mundurako.
Beste lau proiektuak plataforma teknologikoak edo web orriak dira: proiektuetako bat ostalaritzako plataforma mobila da, eta menuen zein eguneko eskaintzen berri ematen du; beste proiektu batek 4G mobiletako teknologiaren eraginkortasun energetikoa bultzatzen du; “Dreamer” proiektuak hil baino lehen egin beharreko gauzen zerrendarekin dauka zerikusia; eta azkena erkidego digitalerako “Academis Hacker” proiektua da.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, 2012an sortu zenetik Talentum Startups programak zeresan handia izan du ekintzailetzaren sustapenean, eta bost herrialdetako 500.000 gaztek baino gehiagok parte hartu dute bertan.
Bizkaia:talent-ek, Bizkaiko Aldundian arlo zientifiko eta teknologikoetan goi-mailako prestakuntza duten profesionalen garapena sustatzen duen organismoak, arlo horretan daukan esperientzia eskainiko du, eta programa finantzatzen lagunduko du.
Bestetik, Mondragón Unibertsitateak Bilbon dituen instalazioak utziko ditu, programa bera aurkezteko eta garatzeko. Telefónicak ere beharrezko baliabideen zati bat finantzatuko du, eta programaren egitura eskainiko du konpainiak ekintzailetzari begira garatzen dituen jarduera zabalen esparruan.