Talentua kudeatzeko branding-aren balioa Bizkaia Talentek antolaturiko jardunaldiko protagonista, Bilbon
2020/02/12
- Euskal erakundeen berrogeita hamar ordezkari baino gehiago bildu dira Branding for Talent Management jardunaldian, Bilbao Berrikuntza Faktorian
Giza Baliabideen arloan dihardutenen funtzioak gero eta funtsezkoagoak dira erakundeek beren helburuak bete ditzaten, neurri handi batean profesional horien esku dagoelako talenturik onenak erakartzea eta txertatzea.
Hala, Bizkaia Talentek Branding for Talent Management jardunaldia antolatu du Euskadiko enpresentzat, lehiakortasun gero eta handiagoa dela medio goi-mailako prestakuntzadun langileak limurtzeko eta fidelizatzeko dagoen zailtasunaren gainean hausnar dezaten, bai eta erakunde enplegatzaileak diren heinean beren egungo langileen artean zabaltzen duten irudia hartzen ari den garrantziaren gainean ere, aintzat harturik horregatik guztiagatik Place Branding estrategia beharrezkoa dutela.
Jardunaldiaren lehen zatian, Ane Landak eta Asier Gomezek, Kendu eta Comalatech enpresetakoak eurak, hurrenez hurren, Employer Branding estrategia egokia garatzeko zenbait gako azaldu dituzte, eta marka enplegatzaile gisa garatzen dituzten jardunbide egokien berri eman dute, beren langileei eskaintzen dieten balio-proposamena azaltzeaz batera.
Ondoren, The Wellbeing Project-eko Eleonore Van Wonterghemek langileentzako ongizate-programa bat izateak enpresari eta langileei dakarzkien onurak nabarmendu ditu. Izan ere, aipatu programaren xedea da langileen esperientzia optimizatzea eta, hala, enpresan duten ongizate-maila hobetzea.
Bukatzeko, Bizkaia Talenteko zuzendari kudeatzaile Ivan Jimenezek eta koordinatzaile nagusi Leire Lagunillak Be Basque Employer Branding proiektu berria aurkeztu dute: Euskadiko erakundeekin elkarlanean, enpresen posizionamenduari buruzko erabakiak hartzen eta haien zein Euskadi osoko lehiakortasuna hobetzen lagunduko duen tresna bat garatuko da.