Bizkaiko 23 ETEk beren langileen esperientzia ulertzeko eta hobetzeko prestakuntza jasoko dute
2024/10/07
- Employee Journey & Experience programak langilearen bizi-zikloa kudeatzeko tresna praktikoak eskainiko dizkie.
“Bizkaia with the talent” estrategiaren barruan, Bizkaia Talent eta Talent Garden erakundeek Employee Journey & Experience gaikuntza-programa abiatu dute Bizkaiko ETEentzat, beren langileen ibilbidearen funtsezko puntuak identifikatzen laguntzeko, haiek erakartzen dituztenetik beren garapen eta fidelizaziora arte.
Programaren helburua da enpresei esparru teoriko komuna eta tresna praktikoak ematea langilearen bizi-zikloaren fase guztiak eraginkortasunez kudeatu ahal izateko, alegia, lanean hasten den unea, atxikipena, gaitasunen garapena eta konpromisoaren sendotzea.
Prestakuntza-ibilbidea lau jarduera nagusitan banatuta dago: Tailerra, langilearen ibilbidearen funtsezko etapak aztertzeko saioa; Ikaskuntza-pilulak, adibide praktikoak ezagutzeko bideo-formatuko prestakuntza-saio laburrak; Talks, talentuaren kudeaketan estrategia berritzaileak ezarri dituzten enpresen kasu arrakastatsuen berri emateko eta jasotzeko elkarrizketa-guneak; eta Atzerabegirakoa, ikasitako ikasgaiei eta egin beharreko hurrengo urratsei buruzko hausnarketa estrategikoa egiteko.
Datozen bost asteotan, Bizkaiko 23 erakundek hartuko dute parte programan, besteak beste: Biolan microbiosensores, Bullhost, 4set Talent & Technology, Dative, EIA21, EIT Food, Mugarik Gabeko Etorkinak, Fondo Formación Euskadi, Global Factor, P4Q Electronics, H2SITE, Incomimex, Ingemat, Kategora Investments, Ximart Laborategiak, Lawesome Legal Services, Líbere Hospitality, Ludus Global, Mairu, Oncomatryx Biopharma, Runnea, TECH friendly eta Virtualware.
“Bizkaia with the talent”
Programa hau “Bizkaia with the talent” estrategiaren parte da, zeina Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko 40 erakunderekin lankidetzan sustatu duen, besteak beste unibertsitate, lanbide-heziketako ikastetxe, kluster, enpresa-elkarte, erakunde eta Bizkaiko enpresa nagusiekin. Helburua da enpresek eskatzen dituzten STEM trebetasunen eta talentu gaituaren eskaintzaren arteko arrakala murriztea Bizkaian.