Talentia Programak nazioarteko ezarpenaren ezaugarriak hurbildu dizkie parte-hartzaileei, jardunaldi jendetsuaren esparruan
2017/06/28
Ekainaren 22an, osteguna, Talentia Programaren zortzigarren edizioko 300etik gora ikaslek eta Bizkaiko Profesionaltasunerako Trebetasunen Programako parte-hartzaileek zuzen-zuzenean ezagutu ahal izan zituzten erakundeen nazioarteko ezarpenaren ezaugarriak eta onurak.
Nazioarteko Ezarpenari buruzko Jardunaldien hirugarren edizio honetan, Euskadiko erakunde eta enpresa ospetsuetako zenbait profesionalek parte hartu zuten. Haien artean, honako hauexek nabarmentzen dira: José Luis Vilas, EHUko Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Taldeko kidea; Britta Ganz, Maier enpresako Giza Baliabideetako Saileko langilea; María Rubio, ExE Programako arduraduna; eta Xabier Manterola, PA Consulting enpresako zuzendaria.
Bizkaia Talenteko zuzendari gerentea den Ivan Jimenezek ongietorria eman zuen ekitaldian, eta sarrera laburra ere egin zuen, Euskadiko gaur egungo egoerari buruzko datuen nahiz zenbakien eta bere mugetatik kanpo daukan posizioaren berri emateko.
“Gero eta euskal erakunde gehiago ari dira nazioartean ezartzen eta beste herrialde batzuetan ordezkaritzak eta enpresentzako erreferentzia-guneak sortzen”, azaldu du zuzendari gerenteak.
Jardunaldiko lehenengo zatian, profesional horiek guztiek ehunka parte-hartzaileri xehetasun handiz azaldu zieten zein diren nazioartean ezartzeko orduan haien erakundeek gainditu behar izan dituzten prozesuak eta zer puntutan dauden une honetan.
Era berean, Talentia gazteen galderei ere erantzun eta garapen profesionalerako aholkuak ere eman zizkieten.
TALENTIA CHALLENGE TALK SHOW
Jardunaldiko bigarren zatian, mahai-ingurua egin zen, eta, bertan, Talentia Challenge Programako bost parte-hartzailek ekimenaren lehenengo edizioari buruzko zenbait faktore izan zituzten aztergai. Bertan, hain zuzen ere, erakunde hauek bota dizkieten erronkei erantzun beharko diete: Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoa, Idom, Arteche, Lantegi Batuak eta Bizkaiko Foru Aldundia bera.
Hartara, honako hauexek modu hurbil bezain dinamikoan azaldu zieten bertaratutako guztiei nolako esperientzia profesionala izan duten programan: Iñigo Villamor (ingeniari industriala), Lara Sagastizabal (kriminologoa), Nerea Larretxi (Humanitateetako Gradua, MA Museum Studies), Josu Eguizabal (LEINN) eta Maider Macarro (Diseinu Industrialeko ingeniaria eta produktuaren garapena). Era berean, taldeetan bertan erabakitzeko orduan sortutako zenbait pasadizo ere azaldu zituzten, baita trebetasunak hobetzeko eta harremanen sarea osatzeko Finlandiara eta Cambridgera egin berri dituzten bidaiak ere.
Euren agerraldien amaieran, guztiek Talentiako aurtengo parte-hartzaileei eman zieten adorea Talentia Challengeren hurrengo edizioan esku hartu zezaten.