Bizkaia Talent

Albisteak

Bizkaia Talentek Career Development Centreren bertsio eguneratu berria abiatu du

  • Lan-ibilbidearen diseinuari eta garapenari begirako bertsio hobetuak norberaren lanbide-profilera, soldata garbietara eta zerga-abantailetara egokitutako lan-aukerak erakutsiko dizkie erabiltzaileei

Bizkaia Talentek abian jarri du Career Development Centreren bigarren bertsioa, munduan parekorik ez duen tresna berritzailearena, hain zuzen. Bizkaia Talenten eta Be Basque Talent Networken plataforman izena emanda dauden profesionalentzat sortua, aholkularitza digital erabat pertsonalizatua eskainiko die. Bigarren bertsioaren berritasun nagusiei dagokienez, erabiltzaileek Euskadiko lan-merkatuan datozen lau urteotarako aurreikusitako joerak aztertu ahal izango dituzte, sektore eta hezkuntza-arloen arabera, eta izena eman ahalko dute beren profilera egokitzen diren lan-aukeretan. Halaber, Euskadiko soldata gordinen eta garbien batezbestekoa kontsultatu ahalko dute (arlo, azpiarlo, lanpostu eta eskarmentuaren arabera), eta informazio xehea eskuratu ahal izango dute atzerrian bizi diren zenbait profesionalek, Euskadira lan egitera eta bizitzera etorri nahi izanez gero, izango lituzketen zerga-salbuespenen gainean.

Bizkaia Talenten beste tresna bat oinarri, Basque Talent Observatory, hain zuzen, milioika datu eskuratu eta kudeatzen ditu; azken 15 hilotan, goi-mailako prestakuntza eskatzen duten Euskadiko 70.000 lan-eskaintza baino gehiago aztertu dira. Profesionalek erakundeek eskatzen dituzten zeharkako trebetasunak zein teknikoak ezagutzen jarraitu ahalko dituzte, haietan aurrera egin ahal izateko; gainera, hautatzen dituzten lanbide edota lanpostuen arabera, trebetasunok denboran nola bilakatzen diren ikusi ahal izango dute.

Tresna honi esker, Euskadiko ongizatea Europako Batasuneko (EB) eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) edozein herrialde edota eskualdekoarekin erkatu ahal izango da, zenbait adierazleren berri jasota: hezkuntza, irisgarritasuna, etxebizitza, osasuna, errenta erabilgarria edo ingurumena, besteak beste. Hala, Euskadiren benetako erretratua eskuratuko da, bizi-kalitateari dagokionez, bai lan-arloan bai lanetik kanpokoan.

Azkenik, nabarmentzekoa da lan-ibilbidea aldatu nahi duten profesionalek berariazko atala izango dutela. Profesionalak zein lanpostu edota lanbidetara jauzi egin nahi duen adierazita, tresnak gomendatuko dio zein trebetasunetan egin aurrera bere helburua betetzeko.

CAREER DEVELOPMENT CENTREean sartu

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×