Artisau-garagardotegira bisita nazioarteko profesionalekin
- Goi-mailako prestakuntza duten eta Bizkaian bizi diren hogeita bat profesionalek Boga garagardo-kooperatiba bizkaitarra ezagutu dute
Azaroaren 22an, arratsaldean, Bizkaia Talentek artisau-garagardo dastaketa antolatu zuen, aurtengo azken jarduera soziokulturala, hain zuzen, datorren abenduan urte-amaierako festa ospatu aurretik. Oraingoan, Bilbo Zaharreko Sarean kultur gunean izan zen hitzordua; esparru ludiko, esperimental eta pedagogiko honetan, egitarau soziokulturala herritarrekin batera osatzen da.
Topaketaren xedea izan zen BOGA kooperatiba ezagutzea: euskal artisau-garagardoa egiten du, bestelako aisialdi- eta ekoizpen-aukera gisa, garagardo-multinazionalen monopolioari aurre eginda. Jardueran izan ziren 21 profesionalek euskal marka honen hainbat garagardo-mota dastatu zituzten, bai eta ekoizleen ahotik ezagutu ere kooperatibaren filosofia eta helburua, alegia, toki-mailako ekonomia iraunkorra prozesuaren kate osoa zainduta sendotzea.
Jardueran parte hartu zuten profesionalen jatorrizko herrialdeak India, Italia, Dominikar Errepublika, Ukraina, Venezuela eta Espainia dira, eta erakunde hauetako batean ari dira lanean: BCMaterials, Idom, Ikerbasque, Orkestra, Sener, Tecnalia edo Deustuko Unibertsitatea.