CIC energiGUNE da estatuko eta iberoamerikako ikerketa-fundaziorik garrantzitsuena SCImagoren arabera
2022/04/25
- Euskal zentroa estatuko eta Iberoamerikako lehen fundazioa da (munduko 7. fundazio garrantzitsuena), eta ikerketa-erakunde publiko eta pribatu guztien artean mundu mailako top 500 izenekoaren barruan finkatu da.
CIC energiGUNE, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroa, Estatuko eta Iberoamerikako herrialde guztietako ikerketa-fundazio garrantzitsuena da, zientziaren adar guztien artean, urtero munduko ikerketa-erakunde nagusien sailkapena egiten duen SCImago rankingaren arabera. 2022ko datuek erakusten dutenez, gainera, euskal zentroa munduko zazpigarren fundaziorik garrantzitsuena da zientziaren adar guztiak kontuan hartuta.
SCImago rankingak erakunde akademikoen eta ikerketarekin lotutakoen sailkapena eskaintzen du, eta adierazle konposatu baten arabera antolatzen dira. Indize horrek hiru adierazle-multzo konbinatzen ditu, ikerketaren errendimenduan, berrikuntzaren emaitzetan eta webgunean duten ikusgarritasunaren arabera neurtutako gizarte-inpaktuan oinarritutakoak.
2022ko txostenak, gainera, adierazten du CIC energiGUNEk, mundu-mailan eta orokorrean –zientziaren adar guztietako munduko erakunde eta enpresa guztiak kontuan hartuta–, munduko top 500aren, Europa Mendebaldeko top 200aren eta estatuko top 25aren barruan dagoela.
Bere espezializazio-esparruen barruan, CIC energiGUNEk lidergo posizio nabarmena du antzeko izaera duten beste zentro batzuekiko, izan ere, planetako 2. zentrorik garrantzitsuena da energiaren arloan, eta 3.a kimikaren arloan. Beste erakunde batzuk sartzen badira, enpresa pribatuak besteak beste, euskal zentroak oso posizio nabarmena betetzen du zientziaren bi adarretan: Top 200aren barruan dago mundu mailan, top 50an Europa mailan eta top 15ean estatu mailan, bai energiaren ikerketan, bai kimikan.