Bizkaia Talentek lurraldeko 30 erakunde baino gehiago bildu ditu Kolonbian talentua erakartzeko zereginari heltzeko
2024/05/31
- Euskal elkarteak, Latinoamerikako herrialdeko hainbat hiritan networking-topaketak egin ondoren, informazio-saioa eskaini du CEBEKen.
Maiatzaren 28an, Bizkaia Talentek Bizkaiko 33 erakundetako 50 ordezkari baino gehiago bildu zituen joan den martxoan Kolonbiako hainbat hiritan egindako networking-topaketen ondoren ateratako ondorioen berri emateko. Era berean, erakundeek halako ekimenen gainean duten interes-maila ezagutzeko aukera izan zuen.
Saioko puntu nagusietako bat topaketetan parte hartu zuten 300 profesional kolonbiarren baino gehiagoren aldetik jasotako feedbackaren aurkezpena izan zen. Horrez gain, identifikatutako profilen tipologia azaldu eta horien % 80 ingeniaritzaren alorrekoak direla nabarmendu zen.
Halaber, “Study & Work in the Basque Country” programaren aurrerapenak ezagutarazi ziren. Programak, Bizkaiko Foru Aldundiaren “Bizkaia with the talent” estrategiaren esparrukoak, nazioarteko ikasleak erakartzea du helburu, euskal unibertsitateen STEM arloko master ofizialen bidez.
Jorratutako beste gai bat profesional kolonbiarrak ekartzeko bete beharreko baldintzak eta izapideak izan ziren, eta Kolonbiako talentuan adituak diren zenbait erakundetako ordezkariek hitzaldiak eskaini zituzten, besteren artean Asocolvas (Euskal Herriko Kolonbiarren Elkartea) eta GAIA Klusterrekoek.
Ivan Jimenezek, Bizkaia Talenten zuzendari gerenteak, ekitaldira bertaratutako erakundeek emandako erantzuna nabarmendu zuen: “Pozik gaude saio honetan parte hartu duen erakunde-kopuruarekin, Kolonbiak gure lurralderako talentu-iturri gisa duen ahalmena erakusten baitu”.