Bizkaiko Profesionaltasunerako Trebetasunen Programaren laugarren edizioa hasi da
Berriro ere, profesionaltasunerako trebetasunek zeresan handia izango dute Bizkaia Talenteko programetan, Bizkaiko Talentua Erakartzeko, Berton Geratzeko eta Inplikatzeko Elkarteak ekimen horren laugarren edizioari eman berri diolako hasiera. Guztira, hiru euskal unibertsitateetako 440 ikaslek (EHUko 205, Deustuko Unibertsitateko 140 eta Mondragon Unibertsitateko beste 95) zenbait tailerretan parte hartu ahal izango dute; esate baterako, denboraren kudeaketa, adimen emozionala, gizarte-ekintza, talde-lana, komunikazio eraginkorra, hitzaldiak, irtenbide profesionalei buruzko informazioa eta coachingeko saioak. Era guztietako gaiak eta jakintzak jorratuko dira bertan.
Programa Bizkaia Talenten lidergopean dago, eta honako erakunde hauen babesa dauka: Bilbao Metrópoli-30, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea, Deustuko Unibertsitateko zein EHUko Zuzenbide Fakultatea, Deustuko Unibertsitateko Deusto Business School, EHUko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritzako Goi Eskola (ESIDE), Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, MUko Enpresa Fakultatea eta EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, baita bederatzi elkargo profesionalena ere: Ekonomialarien Elkargoa; Euskadiko Kimikari eta Ingeniarien Elkargoa; Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoa; eta Euskadiko abokatuen, industriako ingeniarien, geologoen eta psikologoen elkargoak.
Bizkaia Talenteko zuzendari gerentea den Ivan Jimenezek baieztatu duenez, “programak oinarriak zehaztea dauka helburu nagusi, pertsonetan oinarrituta profesionaltasuna sustatzen duen mugimendua abian jartzeko, estrategiak proposatzeko eta garatzeko eta emaitzak behatzeko. Horrela, zehaztutako helburuak lortu eta profesionaltasunaren balioa suspertu eta landu ahal izango da Euskadin, gure enpresak emankorragoak, berritzaileagoak eta lehiakorragoak izan daitezen”. Era berean, “ekimen honek gure herrialdeko talentua garatzeko laguntasun profesionala ematea ere badauka xede”, erantsi du.
Unibertsitateko ikasleei banakako laguntasuna eskaintzen zaie, lan-merkatuak gaur egun eskatzen dituen zeharkako trebetasunak garatu ditzaten. Horretarako, balioen, jarreren eta gaitasunen garrantzia hartzen da kontuan, gaur egun jakintza teknikoen euren gainetik ere badaudelako. Hona hemen programan parte hartzeko orduan ebaluatuko diren faktoreak: motibazio-gutuna, curriculum vitaea, banakako elkarrizketa eta trebetasunen profila.
Jimenezek iragarri duenez, “iaz oso harrera ona eduki zuenez, aurton Trebetasun Teknologikoen hastapen-tailerra egingo da berriro, lan-merkatuak gero eta interes eta irmotasun handiagoz eskatutako zerbait da-eta”. Horrela, Big Data, Intelligence eta Smart Industry 4.0 arlo ezaguneko jakintzak eskuratu ahal izango dira bi workshopen batzuen bidez.
“Bestetik, laugarren edizioko bigarren eta laugarren mailako parte-hartzaileek autojakintzaren testa egingo dute, programan izandako bilakaera objektibotasun zein zehaztasun handiagoaz ebaluatu ahal izateko”, esan du amaitzeko zuzendari gerenteak.