Bizkaia:talent-ek Profesionaltasunerako Trebetasunen Programaren bigarren edizioa aurkeztu du euskal unibertsitateetan
2015/10/01
Irailaren 22an, 23an eta 24an, bizkaia:talent-ek Profesionaltasunerako Trebetasunen Programa berritzaile bezain aitzindariaren bigarren edizioa aurkeztu du Deustuko Unibertsitatean, Euskal Herriko Unibertsitatean eta Mondragon Unibertsitatean. Bertan, hain zuzen ere, 180 ikaslek parte hartuko dute.
Programa hori bizkaia:talent-ek zuzenduko du, eta honako hauexen babesa jaso du: Bilbao Metrópoli-30, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea, Deustuko Unibertsitateko Deusto Business School, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa eta hiru elkargo profesional: Euskadiko Ekonomialarien Elkargoa, Euskadiko Kimikarien eta Ingeniari Kimikoen Elkargoa eta Euskadiko Bide, Kanal eta Portuetako Ingeniarien Elkargoa.
Programak behar besteko oinarriak ezarri nahi ditu, pertsonetan oinarritutako profesionaltasunaren mugimendua eratzeko, estrategiak proposatzeko eta garatzeko, emaitzak kontrolatzeko eta zehaztutako helburuak betetzeko, hau da, Euskadiko profesionaltasunaren balioa sustatzeko eta lantzeko. Horrela, bada, emankorragoak, berritzaileagoak eta lehiakorragoak izateko aukera izango dute gure enpresak.
Helburu pertsonalek profesionalekin bat egin behar dute, eta, azken horiek ere lan-merkatuaren egituraren nahiz testuinguruaren araberakoak izan behar dira. Profesionaltasuna bera modu orokorrean hartuko da kontuan, jakintzaren ezaugarriei eta pertsonen jarrerei zein balioei erreparatuta.
Unibertsitateko ikasleek banakako laguntasuna jasoko dute, gaur egun merkatuak eskatzen dituen zeharkako trebeziak garatzeko. Era berean, oso kontuan hartuko da zeinen garrantzitsuak diren balioak, jarrerak eta trebetasunak, gaur egun jakintza teknikoen euren aurretik ere badaude-eta.
60na ikasle aukeratuko dira programan parte hartzen duen unibertsitateko. Hartara, guztira 180 ikaslek parte hartuko dute Bizkaiko Profesionaltasunerako Trebetasunen Programaren bigarren edizioan, hau da, aurreko edizioan baino 120 ikaslek gehiagok.
Honako hauexek dira programarako hautaketa-irizpideak, hau da, ebaluatu beharreko faktoreak: motibazio-gutuna, curriculum vitaea, aurrez aurreko elkarrizketa eta trebetasunen profila.
Ekimen honek laguntasun profesionala ematea dauka helburu, gure herrialdean bertan talentua garatu ahal izateko.