Bizkaiko hainbat erakundek eraikuntza-sektoreak talentuari dagokionez dituen erronkei buruz hausnartu dute
- Bizkaiko Foru Aldundia, Bizkaia Talent, Bieba patronala, IDOM, Eraikune klusterra, Tecnalia, EHU eta Viuda de Sainz izan dira jardunaldian parte hartu dutenak.
Joan den astelehenean, uztailak 5, Bilboko Euskalduna Jauregiak Eraikuntza eta Talentua jardunaldia hartu zuen. Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko Foru Sailak Bizkaia Talent eta Bilbao Metropoli-30ekin lankidetzan antolaturiko ekitaldiak balio izan zuen eraikuntza-sektorean talentuaren beharrak eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestakuntza handiko profesionalen beharrezko egitekoak zein diren argitzeko.
Jardunaldia Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko Foru Diputatu Imanol Pradalesen hitzaldiarekin hasi zen: sektorearen lan-merkatuaren egoeraren eta Euskadik aurrean duen erronka demografikoaren erradiografia egin zuen.
Iñaki Urrestik, Bieba Bizkaiko Etxegileen eta Higiezin Sustatzaileen Elkarteko Idazkari Nagusiak, erantsi zuen sektorearen erronkei aurre egiteko ezinbestekoa dela suspertzeko gaitasuna izatea. “Energia berriztagarrietan, mugikortasunean, hiri inteligenteetan eta antzerako jardueretan milioi askoko inbertsioak egingo dira Europa mailan. Interrelazio horrek hazkundea ekarriko dio sektoreari, lehen aldiz, antiziklikoki. Beraz, talentu handia beharko dugu” adierazi zuen Urrestik.
Bizkaia Talenteko zuzendari kudeatzaile Ivan Jimenezek eraikuntzaren garrantzia azpimarratu zuen Euskadin lana sortzeko orduan, baina, era berean, arazo demografikoa sektorean eragiten ari den kaltean ere jarri zuen azpimarra, besteren artean, azken bi hamarkadotan gure unibertsitateetan graduaturiko pertsona-kopurua jaitsi egin baita.
IDOMeko Zuzendari Nagusi Álvaro Reyren arabera, talentuak garrantzi handia du enpresen hedapen-planetan, lehiakor izaten jarraituko badute. Izan ere, bere hitzetan, Bizkaiko ingeniaritzak nazioarteko talentua erakartzeko politika aktiboa darabil, tokiko prestakuntza alde batera utzi gabe; horrela, bere zerizanari eta errotzeari eusten die.
Mahai-ingurua
Jardunaldiaren bigarren zatian mahai-ingurua egin zen, parte-hartzaile hauekin: Iñigo Casas, Eraikuneko proiektu-arduraduna; Jesús Cuadrado, EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Eraikuntza esparruko irakasle eta ikertzailea; Eneritz Barreiro, Tecnaliako Hiri Ekosistemako arduraduna; eta José Manuel Baraibar, Viuda de Sainzeko Zuzendari Teknikoa eta I+G. Ivan Jimenez moderatzaile zutela, eraikuntza-sektorearen erronkei buruz aritu ziren, talentuaren kudeaketari dagokionez ─adibidez, aniztasunaren garrantziaz, diziplina anitzeko taldeak sortzeko beharraz, gure unibertsitateetan espezializatzen diren nazioarteko profilak geureganatzeko beharraz, proiektuen araberako kudeaketaren bikaintasunaz edo balio-kateko kideen arteko lankidetzaz─. Era berean, sektoreak behar izango duen profil-tipologiaz edo datorren urteetan sektoreak aurre egin beharko dion prestakuntza handiko talentu-eskasiaz ere jardun zuten.