Ivan Jimenezek, bizkaia:talent-eko zuzendari gerenteak, zenbait euskal ordezkarirekin parte hartu du Japoniako Nagaokako Unibertsitate Teknologikoko 2015eko IGCN Biltzarrean
2015/06/30
Joan den astean, bizkaia:talent gonbidatu moduan joan zen Japoniako Nagaokako Unibertsitate Teknologikoak hiri horretan antolatutako 2015eko IGCN Biltzarrera. Ivan Jimenez, bizkaia:talent-eko zuzendari gerentea, zenbait euskal ordezkarirekin joan zen bertara, unibertsitate horretako goi-ordezkariekin batzartzeko eta lankidetza akademikorako zein profesionalerako sistema berriak aztertzeko.
Besteak beste, honako hauexek dira Japoniako eskualde horretara joan ziren euskal ordezkariak: Rebeca Cortazar, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanordea; Iñaki Hurtado, Mondragon Unibertsitateko Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Nazioarteko Harremanetako arduraduna; Eduardo Beltran de Heredia, Mondragon Korporazio Kooperatiboko Berrikuntzako zuzendaria; eta German Lorenzo, Mondragon Korporazio Kooperatiboko Asiarako zuzendaria.
Nazioarteko hitzorduan, honako herrialde hauetako ordezkariek ere parte hartu zuten: Vietnam, Mongolia, Malaysia, Thailandia, Mexiko eta Australia.
400tik gora lagunen aurrean, bizkaia:talent-eko zuzendariak Nagaokako Nazioarteko laugarren GIGAKU Biltzarraren esparruan (IGCN 2015) eskaini zuen izenburu hau duen hitzaldia: “bizkaia:talent – The example and policies followed in the Basque Country to attract, retain and connect the talent”.
Nagaokako Nazioarteko GIGAKU Biltzarra diseinatzeko eta antolatzeko orduan, oso kontuan hartu da sektore arteko eta mugaz gaindiko topaketa eta diziplina arteko foroa izan behar dela GIGAKU sortzen eta abian jartzen ari diren ikertzaile, hezitzaile eta lider industrialentzat.
GIGAKU trukerako eredua da, Japoniako Gobernuko ekimen estrategikoaren barruan dago kokatuta eta, bertako Hezkuntza, Zientzia eta Teknologia Ministerioaren bidez, nazioarteko lankidetzarako asmo handiko ekimen iraunkorrak garatzen ari da unibertsitate, ikerketa-zentro, instituzio publiko eta enpresekin.
Urtarrilean, Japoniako ikertzaileen ordezkaritza Euskadira etorri zen, truke akademiko iraunkorrerako programa aitzindari hori abian jartzeko. Arlo horretan Japoniaren eta Euskadiren artean garatutako lehenengoa izango da, eta Mondragon Unibertsitateak zein Deustuko Unibertsitateak parte hartuko dute bertan.
Era berean, eskualde horretara egin duen bisitaldian, bizkaia:talent-eko zuzendari gerenteak bi topaketa profesional ere garatu zituen Tokio inguruan lanean ari diren hamar bat euskal herritarrekin, zer egoeratan dauden eta Euskadira itzuli edo harekin lotune profesionalik eduki nahi luketen jakiteko.