Deusto Business School-ek AACSB akreditazioa jaso du eta munduko negozio eskolarik onenen zerrendan sartu da
- Estatuko sei unibertsitatek eta munduko negozio eskolen % 6k baino ez dute jaso zigilu hori, management arloko kalitatea eta bikaintasuna ziurtatzen duena.
Deusto Business Schoolek, Deustuko Unibertsitateko negozio eskolak, munduko negozio eskolarik onenak aitortzen dituen nazioarteko AACSB (Association to Advance Collegiate Schools of Business) erakundearen akreditazio ospetsua jaso du. Hori horrela, euskal negozio eskolak erakutsi du bikaintasuna lortu duela arlo guztietan, irakaskuntzan, ikerkuntzan, ikasketa planen garapenean eta ikasleen ikaskuntzan.
Aitorpen honekin, Deusto Business School negozio arloko hezkuntzan lider diren ikastetxe aukeratuen zerrendan kokatu da. Gaur egun, 58 herrialde eta lurraldetako 890 erakundek mantentzen du AACSB akreditazioa, hau da, bost kontinenteetako negozio eskolen % 6k. Deustuko Unibertsitateko Negozio Eskola Espainiako estatuko zentro akademikoetan seigarrena eta Euskal Herriko lehena da agiri hori jasotzen.
AACSB International
AACSB 1916an sortu zen eta negozio eskolak akreditatzen dituen munduko erakunderik zaharrena da. AACSB International-The Association to Advance Collegiate Schools of Business-ek munduko enpresa arloko hezkuntzako aliantzarik handienak, irakasleak, ikasleak eta enpresak biltzen ditu helburu komun bat lortzeko: hurrengo belaunaldiko lider bikainak sortzea.