Deusto Consulting Clubek Ikasle Unibertsitarioen Elkartegintzako Lehiaketaren II. edizioko saria lortu du
2015/02/19
Bizkaia Talentek eta Alumni La Comercialek antolatutako CICA – Elkarteak Sortzeko Ekimenen Bigarren Lehiaketa irabazi duenez, 4.000 euroko saria jaso du esku-dirutan. Elkarte berria Alumni La Comercialen ikuskaritzapean egongo da, iazko irabazleak izandako Connectiarekin zein Lagunarterekin eta Liburumerkerekin batera. Deusto Consulting Clubek prestakuntza eskainiko du, trebetasunak garatuko ditu eta aholkularitzaren arloko businessgames lehiaketak antolatuko ditu.
Lehiaketan, fakultateak eskaintzen dituen hiru graduetako zenbait mailatako 50etik gora ikaslek parte hartu dute (ADE + PDD, ADE + ITI eta ADE + ZUZENBIDEA). 5 taldetan egon dira banatuta, eta kudeaketarekin zein ekonomiarekin eta lankidetzarekin nahiz hezkuntzarekin lotutako elkarteak sortzeko proposamenak aurkeztu dituzte.
Sariak banatzeko ekitaldia otsailaren 18an, asteazkena, egin zen. Bertan, Asier Añibarrok, Deusto Business Alumniko Komunikazioko zuzendariak, eskerrak eman zituen parte-hartzaileen inplikazio zein konpromisoagatik eta bigarren edizio honetan aurkeztutako proiektuen kalitate handiagatik. Era berean, bilerak egiteko orduan, fakultatean bertan zer leku erabili ahal izango duten ere jakinarazi zien. Izan ere, elkarteentzat baino ez den tokia erabili ahal izango dute. Añibarrok elkarte irabazleak eta Alumni La Comercialek sinatu behar duten lankidetza-gutunari buruz hitz egin zuen. Bere esanetan, “jokabide egokirako eta ulerkuntzarako kodea” da, eta, horren bidez, behar besteko konpromisoa hartuko dute, emandako urratsak azaltzeko eta elkarte berria ondo doala ikuskatzeko.
Gero, Iván Jiménezek, bizkaia:talent-eko zuzendari gerenteak, hartu zuen hitza, eta ekimen hori DBSko Marta Pinedo ikasle ohiaren (2002ko pr.) proposamenari esker sortu zela azaldu zuen. Jiménezek baieztatu zuenez, gazteek gogoz lan egiten dutenean, nahi dutena lortzen dute, eta, elkartegintzaren bitartez, belaunaldien arteko elkarbizitza erdiesten dute, baita belaunaldien arteko txandaketa ere. Amaitzeko, Bizkaia Talenten laguntza eskaini zuen elkartegintza sustatzeko, eta abian jarritako azken berritasunak aipatu zituen; esate baterako, nazioarteko Be Basque Talent Network plataforma. Munduko talentuen sare handiena da, eta Euskadirekin lotuta dauden edo lotuta egon nahi duten profesionalek osatzen dute. Izan ere, bertan sartzeko aukera ere eskaini zien bertaratutakoei.
Talde irabazlearen izena gordetzen zuen gutun-azala ireki baino lehen, Iñigo Calvok, Deusto Business Schooleko irakasleak , eskerrak eman zizkien euren proposamenengatik, arduraldiagatik eta ideia onengatik. Horrez gain, irabazi ez zuten taldeei eskatu zien lehendik zeuden elkarteetan inplikatzeko eta horren ondorioz sortu daitezkeen sinergiei onura ateratzeko.
Talde irabazlearen izena gordetzen zuen gutun-azala ireki ondoren, Aitor Alvarez presidenteordea (ADE+ITIko 3. maila) sariaren bila igo zen elkarteko beste kide batzuekin. Guztien izenean, sariagatik eman zituen eskerrak, eta gainerako elkarteekin lan egiteko prest daudela adierazi zuen.
Alumni La Comercialek zorionak eman nahi dizkie Deusto Consulting Club elkarte berriko kide guztiei: Xabier Berasategui, presidentea; Aitor Alvarez, presidenteordea; Gorka Atutxa, presidentea; David Chou, diruzaina; Irantzu Chapartegui, Lehiaketetako zuzendaria; Gabriel de Muguerza, Mintegietako zuzendaria; Ignacio Lacasta, Komunikazioko zuzendaria; Aitzol Nubla, zuzendariondokoa; eta Borja Mardaras, zuzendariondokoa.
> Sari-banaketaren audioa entzun…
(Iván Jiménez, bizkaia:talent-eko zuzendari gerentea. MIN 3:25 – 8:30)