Bizkaia Talent

Prentsa-aretoa

Bizkaiko Foru Aldundiak gazteen hobekuntza sustatzen du prestakuntza nazioarteko zentro ospetsuetan osatzeko ematen dizkien laguntzen bidez

2017/05/29

  • Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Sailak 244.500 euroko kontu-saila onartu du 2017-2018rako
  • Bizkaiko sare ekonomikorako etorkizuneko apustua da

Ikuspegi ekonomikotik eta sozialetik, giza kapitalaren prestakuntza lurralderako inbertsio onena dela badakienez, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Sailak graduatu osteko gazteen hobekuntza profesionalerako dirulaguntzen esleipena onartu du, atzerriko nazioarteko zentro ospetsuetan ikastaroak egin ditzaten.

Enpresek espezializazioa behar dutenez, ondo baino hobeto prestatutako profesionalen sarea sortu beharra dago ekoizpen-jardueraren beraren garapenari eta negozio-lerro berriei begira. “Hori dela eta, laguntzen lerro honek gazteen prestakuntza akademikoa osatu eta Bizkaiko enpresetan, unibertsitateetan edo ikerketa-zentroetan sartzeko dituzten aukerak hobetu nahi ditu”, baieztatu dute foru-sailetik.

“Ahalegina eta emaitza akademikoak ezaugarri bereizgarri izan dituzten unibertsitateko gazte lizentziatu eta graduatuen prestakuntza bikaina saritzea eta bultzatzea haien ibilbide pertsonalaren aitorpen eta konpentsazio soziala da, baita Bizkaiko sare ekonomikorako etorkizuneko benetako apustua ere”, erantsi dute.

Honako hauexek dira laguntzetako hartzaileak: 2014-2015eko, 2015-2016ko edo 2016-2017ko ikasturteetan graduatu eta lizentziatutako gazteak, Bizkaian jaio edo erroldatutakoak, 30 urtera artekoak eta ikasketetako azken emaitzan ongi edo hortik gora lortu dutenak edo Bizkaia Talentia Programan parte hartu dutenak.

Izan ere, Bizkaia Talent Elkarteak sustatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko hiru unibertsitateekin.

Hobekuntza profesionalerako ikastaroen gutxieneko iraupena 6 hilekoa izango da, eta oso-osorik egin ahal izango dira atzerriko nazioarteko unibertsitate edo zentro ospetsuan. Bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetako batekin ere konbinatu ahal izango da.

Bizkaiko Foru Aldundiak 244.500 euroko kontu-saila ezarri du 2017-2018rako, eta ikasleko laguntzaren gehienezko zenbatekoa 8.000 eurokoa izango da.

Eskabideak aurkezteko epea dekretua “Bizkaiko Aldizkari Ofizialean” argitaratu osteko hurrengo eguneko 9:00etan hasi eta 2017ko irailaren 29ko 13:30ean amaituko da. Dirulaguntzak konkurrentzia askeko araubidepean eta berehala emango dira, gazteentzako laguntza benetakoa eta eraginkorra izan dadin.

Informazio gehiago eduki nahi izanez gero, Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean sartu besterik ez duzu. Horretarako, sakatu hemen:

http://www.bizkaia.eus/home2/Temas/DetalleTema.asp?Tem_Codigo=9774&Idioma=CA

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×