Bizkaia Talent, kasu arrakastatsua Amsterdamgo World Employer Branding Day biltzarrean
- Euskal elkarteak enpresei talentu gaitua erakartzen laguntzeko employer branding arloko estrategia bat bultzatzeko moduari buruzko bere esperientzia azaldu du, ekitaldian aurkeztutako mundu-mailako lurralde-kudeaketaren adibide bakarra izanik.
Joan den urriaren 10ean, Amsterdamgo DeLaMar antzokian, World Employer Branding Day egin zen, employer branding alorrari eskainitako munduko biltzarrik handiena, non sektoreko 800 lider eta profesional baino gehiago marka enplegatzailearen jardunbideetan bikaintasuna sustatzeko eta pertsonengan ardaztutako enpresa modernoak eraikitzeko bildu ziren. Parte hartu zuten enpresen artean, Nokia, McKinsey & Company, Pepsico, PwC eta DHL entzutetsuak izan ziren.
Bizkaia Talent biltzarrean parte zuten kasu arrakastatsuetako bat izan zen, eta bere hitzaldian azaldu zuen nola egituratu ekintzak bere place branding estrategia, hastapenetatik jorratu duena, Bizkaiko enpresen employer branding estrategiarekin lerrokatuta egon dadin. Haren aurkezpena mundu-mailako lurralde-kudeaketaren adibide bakartzat jo zen ekitaldian aurkeztutako azterketa-kasuen artean.
Euskal elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuen eta lurraldeko indarguneen berri eman ostean, Bizkaia Talenteko ordezkariek Talent Strategy aurkeztu zuten, enpresei beren talentu-estrategia diseinatzen eta lerrokatzen laguntzeko eta Bizkaiko baterako hazkundea bultzatuko duen enpresa-komunitate sendoa sortzeko sortutako programa. Ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiaren “Bizkaia with the talent” estrategiaren esparrukoa, Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatearekin elkarlanean garatzen da, eta, lehen edizioan, lurraldeko 25 enpresa trebatu ditu.
“Aukera paregabea izan da employer branding alorrean jorratzen ari diren mundu-mailako jardunbiderik berritzaileenak eta horiek ezartzen ari diren liderrak ezagutzeko. Gainera, gure lurraldea kokatzea eta bai Bizkaiaren bai bertako enpresa-sarearen hazkundea bultzatzeko egunero egiten dugun lana agerian jartzea ahalbidetu digu”, adierazi zuten biltzarraren amaieran Ivan Jimenezek eta Leire Lagunillak, azterketa-kasua Amsterdamen aurkeztu zutenek.