Be Basque Dual Career Centreko emakume erabiltzaileek beste topaketa bat egin dute, PWN Bilbao Emakumeen SAREAREKIN harremanak estutzeko
2017/06/16
2015. urtearen amaieran Be Basque Dual Career Centre abian jarri zenetik, ekimenaren helburuaren inguruko interesa duten profesional askok bat egin dute SAREAREKIN. Gaur egun, 35 profesionalek-edo parte hartzen dute Bizkaia Talenteko Relocation Zerbitzuak koordinatutako ekimen berritzaile horretan.
Be Basque Dual Career Centrek goi-mailako prestakuntzadun profesionalen bikotekideei honako arlo hauetako banakako orientazioa ematea du helburu: laneratzeko eta gizarteratzeko prozesua, kontratazioa, ekintzailetza eta borondatezko lana. Era berean, bitartekaria ere bada Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileekin nahiz enpresarien erakundeekin, eta laguntza ekonomikoei (fundinga), jarduerei zein topaketei buruzko informazioa ere ematen du.
Hartara, ekainaren 6an, asteartea, zerbitzu horretako emakume erabiltzaileen nazioarteko taldea, besteak beste, Frantziako, Errumaniako, Italiako, Argentinako eta Txekiar Errepublikako kideek osatutakoa, PWN Bilbao Emakume Profesionalen Sarearekin batzartu zen Bilbon kokatutako Deusto Business Schoolen. ‘Professional Women’s Network’ nazioarteko elkarteak sareen nazioarteko sarea osatzen du, eta emakumeen lan-ibilbidea arlo guztietan bultzatzea dauka helburu. Gainera, nazioarteko nodoetakoa dauka Bizkaiko hiriburuan.
Topaketa horretan, PWN koordinatzaileetako batek, Carmen Zaratek, sarea aurkeztu zuen, baita Be Basque Dual Careerko emakume erabiltzaileek egin ditzaketen jarduerak, tailerrak zein tutoretza-programak ere. Horrez gain, emakume erabiltzaileek sarearekin partekatu zuten zein diren haien premiak euren lan-ibilbideak Euskadin garatzeko, eta euskal gizartearekiko sarea ere sortu daitekeela aipatu zuten. Era berean, garatzeko moduko ideia berriak ere eskaini ziren, emakume horiei eta Euskadiko enpresarien zein zientzialarien sareari lagundu ahal izateko.